Martxoko osoko bilkura egin baino ordu erdi lehenago EAJk, PSE-EEk eta Baleikek hiru aldeko akordio baten berri eman zuten, 2018 urteko aurrekontuak parte hartzaileagoak izateko.
Prozesua eraginkorra izateko EMUN kooperatibaren aholkularitza izan dute. Elkarlan horretan prozesu parte hartzaile bat definitu dute, non herritarrek euren proposamenak egin eta ondoren horien artean gustukoena bozkatzeko aukera izango duten.
Proposatu, aztertu, bozkatu
Uztailaren 15era arte egongo da proposamenak egiteko epea, eta Arrasate hobetzea nahi duen edonork egin dezake, baita bertan erroldatuta ez daudenek. Udal webgunean edo udal eraikinetan jarriko diren postontzietan esku orriak utziz egin ahalko dira, eta irizpide batzuk bete beharko dituzte.
Behin proposamenak jasota, udal teknikariek hauen bideragarritasuna aztertuko dute. Bideragarri ez direnen egileei arrazoiak azalduko dizkiete, eta bideragarri diren guztien zerrenda bat osatuko da.
Bozketa urrian
Arrasaten erroldatutako 18 urtetik gorakoek izango dute bozketan parte hartzeko aukera. Horretarako udal webgunea, edota udal egoitzetako postontzi fisikoak erabili ahalko dira. Aukeraketa prozesua ez da oraindik definitu. Puntuazio sistema bat izan daiteke, aukera bat baino gehiago ebaluatzeko aukera emanez.
Proiektu bat, edo gehiago
"250.000 euroko proiektu bat, edo kopuru txikiagoko batzuk egitea da asmoa. Guztira 250.000 euroko gastua izango da, baina proiektu kopurua bat edo gehiago izatea nahi dugu" azaldu du Maria Ubarretxenak asteazkeneko aurkezpen ekitaldian.
PSE-EE-ko Oscar Garciaren iritziz, aurrera pausu handia izango da: "Duela 30 urte pentsaezina zen herritar batentzako berak egitea nahi zuen zerbait aurrekontuetan txertatzea. Gaur egun hori gizartearen eskari bat da, eta gure lana da horiek entzun eta gure egitea".
Igor Urizarrek, aldiz, positibotzat jo du parte hartzearen alorrean urratsak ematea, baina eredua eta diru kopurua kritikatu ditu. "Ez da gure alderdiak nahiko lukeen moduan egingo, eta kopurua ez da gure gustukoa, baina lehen aldiz bide hau zabaltzea lortu dugu".
Etorkizunean ordenantza
Parte hartze prozesuak arautzeko, eta alderdi politikoen interesek baldintzatuta ez egoteko, udal ordenantza bat diseinatzeko asmoa azaldu dute hiru alderdietako ordezkariek.
Proposamenen ezaugarriak
Ez dira onartuko
- Euskara, parekidetasuna eta kulturaren aurka egiten dutenak.
- Giza eskubideen aurkakoak.
- Iraunkortasun ekonomiko, energetikoa, ingurumenaren aurka egiten dutenak.
Bete beharreko baldintzak
- 2018an hasi eta 2018an bukatzen diren proiektuak izatea.
- 250.000 euroko kostua izatea gehienez.
- Arlo eta mota askotarikoak izan daitezke, baina betiere zehatzak.
- Proposamenarekin batera, horrek eduki dezakeen kostuaren estimazioa egitea.
Informazio postuak
Etxez-etxe bidalitako 10.000 esku orriez gain, informazio stand-ak jarriko dira egun eta leku hauetan:
- Uztailak 3: Erdigunean.
- Uztailak 4: Musakolan.
- Uztailak 5: San Andresen
- Uztailak 6: Uribe auzoan
- Uztailak 7: Erdigunean
EH Bildu
Ohar bidez salatu dute, EAJk, PSE-EEk eta Baleikek akordiotik kanpo utzi zituztela martxoan, eta forma desadostasun horren eraginez ez dutela aurkezpenean parte hartu.
"Hala ere, herritarrak parte hartzera, animatzen ditugu, prozesu hauek garrantzitsuak izango baitira etorkizunerako".