Euskaraz, bertsolaritzaz eta feminismoaz

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko eka. 28a, 14:17

Ainhoa Agirreazaldegi eskarmentu handiko bertsolaria izango da seigarren 'EKT' (Euskal Kulturgintzaren Transmisioa) telebista saioko gonbidatua; Goienako Aitziber Aranburuzabala kazetariak aurkeztuta, bihar, eguena 21:00etan izango da ikusgai.

Elgetan jaioa eta Bergaran urteetan bizi izan ondoren, gaur egun Zarautz du bizitoki Ainhoa Agirreazaldegik. Euskal Filologian eta Alemaniar Filologian lizentziaduna da eta Ingeles Irakasle ikasketetan diplomaduna. Hainbat bertso-eskolatan irakasle aritua eta Bertsozale Elkarteko ikerkuntza saileko kidea izan da urte askoan. Xenpelar Dokumentazio Zentroan ikerketa lanak egin izan ditu eta gaur egun helduen euskara irakaslea da Donostiako Hizkuntza Eskola Ofizialean.

Euskaltzaletasunaz, bertsolaritzaz eta feminismoaz jardun zuten ordu erdiko iraupena duen elkarrizketa saioan Agirreazaldegik eta Aranburuzabalak.

"Euskara naiz"

Etxetik jasotakoa gutxiesteko joera dagoela esanaz ekin zioten solasaldiari. "Nire izate kulturala etxean eraiki zen. Gurasoek balio handia ematen zioten eta oso eskura jarri zizkidaten beti iturri asko: ipuinak, Xixupika eta bestelako euskal kanten bildumak, udan euskal udalekuetara joateko gonbidapena egiten zidaten... Era berean, txikitatik ikusi ditut etxean Argia eta Jakin aldizkarietako harpidetzak", dio Agirreazaldegik.

Horregatik guztiagatik, euskara, harendako, jolasa eta sormena da. Era berean, euskara maitatzeak beste hizkuntza eta kultura batzuk maitatzera eraman du.

9 urterekin, bertsotan

Aita bertsozalea du, eta harekin bota zituen lehenengo bertsoak –autoan eta etxean–, Bergaran sortu berria zen eskolan izena eman zuen arte. "Adin ezberdineko jendea topatu nuen han. Bertsoaren maitasunetik abiatzen zen hezkuntza. Bertsolaritzak, bereziki, bi gauza eman zizkidan: nire pentsamenduaren ardura, batetik, eta hizkuntza beraren maitasuna eta jolasa, bestetik. Geroago, baina, hutsuneak sumatzen nituen emakume bertsolaria naizenetik; zorionez, elkarlanaren bitartez horietako batzuk konpondu ditugu". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak