Musika eskaintza zabala herriko festetan

Esne Beltzak, Mikel Urdangarinek eta Gatillazok kontzertuak eskainiko dituzte San Juan jaien barruan. Hala, oholtza gainean, estilo ezberdinak jotzen dituzten musika taldeak izango dira eta herritarrek horietaz disfrutatzeko aukera izango dute.

Dagoeneko bost disko plazaratu ditu Esne beltza musika taldeak. 2007an sortutako talde horren lehenengo lana Made in Euskal Herria izan zen, eta, geroztik, lau disko gehiago argitaratu ditu: Freedom 3 kolpetan (2011), Gora! (2013), Esna bat (2015) eta Esna 2 (2016). Azkeneko biek disko bikoitza osatzen dute, eta, orain, Esna 2 diskoaren Don´t give up the fight biran murgilduta dago taldea. Eta hori izango da, zehazki, aurkeztuko dutena, domekan, hilaren 25ean, txosnagunean (23:00).

Esne beltzak hip-hop, reggae, doul, rock eta folk influentziak jaso ditu; oso estilo fusionatua du. Bira horren barne, musika jaialdi askotan izango da taldea; esaterako, Hartortxu Rock, Egafest, Biorritme, Revenidas... Horiek dira musika taldeak aurreratu dituenak, eta udan beste hamaika kontzertu eskainiko ditu: Zornotzan, Aian, Deban, Bilbon...

Rock-punka entzungai

2005etik hona, guztira, sei disko atera ditu Gatillazo taldeak eta Como convertirse en nada da taldearen azkena. Hura joan den urteko apirilean plazaratu zen eta, guztira, hamalau abestiz osatuta dago. Disko horretan, bizitza triste eta ilunak islatzen dira eta ironiaz zein amorruz jositako kantak dira guzti-guztiak. Evaristoren zigilu ukaezina duten kantak ikusteko aukera astelehenean izango da, arratsaldeko zortzietan, Herriko Plazan.

Taldeko kontzertua

Apirilean argitaratu zuen Mikel Urdangarinek hamalaugarren eta azken lana. Margolaria izena du zornotzarraren azken diskoak, eta, aurrekoan ez bezala, lan horretan taldearekin itzuli da Urdangarin. Musikalki taldearen ekarpena asko nabaritzen da lan horretan, soinua oso zuzeneko formatuan grabatu dutelako. Estudioan grabatua izan arren, biolinaren doinua eta ahotsak kenduta, beste guztia zuzenekoa delako.

Margolaria lanaren helburua euren aspaldiko soinua islatzea zen. Aukera bikaina egongo da zapatu gauean (23:15) abeslari bizkaitarra eta bere taldea entzuteko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.