"Gu ezagutzeaz gain, primeran pasatuko dute"

Eneko Azurmendi 2017ko eka. 22a, 11:13

Go!azen telesaileko protagonistek antzezlan musikatua eskainiko dute ekainaren 26an, Monterron parkean; Lorea Korta emanaldiko protagonistetako bat da. Kortak parte hartzera gonbidatu ditu jarraitzaileak.

Zer eskainiko duzue emanaldian?

Batetik, karaokea daukagu, eta jendearen –gehienbat umeak izaten dira– parte-hartzea eskatzen dugu momentuan bertan. Bestalde, dantza eta antzerkia ere baditu ikuskizunak. Hiru gauza horien nahasketa bat dela esan daiteke. Esan behar da interakzioa handia dela, beti ikusleekin harremanak izaten saiatzen gara.

Ze abesti mota izaten dira?

Go!azen telesailean atera diren abestiak. Askotariko kantuak izaten ditugu, baladak eta kantu mugituagoak ere bai, guztiak ere euskarazkoak.

Badu ezer nabarmentzekorik edo berezitasunik ikuskizunak?

Nik uste garrantzitsuena dela umeek eta jarraitzaileek aukera izaten dutela gu gertutik ezagutzeko, gurekin hitz egiteko eta gurekin parte hartzeko. Gu ere inplikatzen gara eta nik uste haurrek horrekin pasatzen dutela ondoen.

Anekdota kuriosorik?

Oraindik bost funtzio egin ditugu eta ez dugu esperientzia askorik. Baina, kuriosoa iruditzen zait umeek, hain txikiak izanda, nola dakizkiten Go!azeneko abesti guztien letrak. Gogoratzen naiz bi neskatxo igo genituela oholtza gainera, hartu zuten mikrofonoa eta abestia goitik behera zekiten.

Beriaiendako ere poz handia izango da zuekin egon ahal izatea, ezta?

Desberdintasunak egoten dira zaleen artean. Batzuk lotsatiagoak dira eta gehiago kostatzen zaie guregana hurbiltzen. Baina badaude beste batzuk zuzenean etortzen zaizkizu korrika, besarkada bat ematera, eta hori oso polita da guretzat.

Arrakasta handia izaten ari zarete bira honetan. Joaten zareten leku guztietan sarrerak agortzen dira.
Denbora guztian musika presente dago gure ikuskizunean eta umeei asko gustatzen zaie abestea eta dantzatzea. Musikal formatua izateak eragiten du arrakasta hori, nire ustez. Lehenengo funtzioa Donostian egin genuen eta 700 pertsona izan genituen, sarrera guztiak agortu ziren.

Telesaileko denboraldi berria prestatzen hasi zarete dagoeneko?

Udan grabatzen hasi behar da. Denok ez gaude. Izan ere, erdiak jarraitzen dute grabaketetan eta beste erdia ikuskizun hau egiten gaude. Go!azen fenomenoa arlo askotara zabaldu nahi izan dute, ez telebistatik bakarrik. Horregatik ari gara bira hau egiten.

Zer esango zenieke zuek ikustera gerturatuko diren arrasatearrei?

Gu ezagutzeaz gain, primeran pasatuko dute, bai umeek, baita gurasoek ere. Beraz, animatu, parte hartu eta disfrutatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak