"Herritik herriarentzat" jaietan lan egiteko prest

Xabi Gorostidi 2017ko eka. 21a, 17:17

Txosna batzordetik dena kontrolpean daukate Kondekua zelaia jaiaren erdigune izan dadin. Bi txosna jarriko dira aurten, eta berritasun gisa 25ean mozorrotzeko dei egin dute, konplexuak alde batera utzi eta jaiak modu lotsagabean gozatzeko.

Askotariko ekintzekin osatutako programa prestatu du Txosna batzordeak 2017ko San Juan jaiei begira. Ekainaren 22an, 16:00, hasiko dituzte muntaia lanak, eta behin hori eginda, ekainaren 23ko Gazte Eguneko txupinarekin hasiko dira lehen garagardoak zerbitzatzen.

Aurtengo txupina jaurtitzeko ohorea Pottogorriak taldeak hartuko du. "Herrian sortu berri den elkartea da. Oso aktibo dabiltza, eta dituzten aldarrikapenekin bat egiten dugunez, txupina jaurtitzeko talde aproposena zela iruditu zitzaigun" adierazi du Txosna Batzordeko kide den Iker Agirrek.

Txupinak eztanda egin ondoren, Gazte Bazkaria egingo dute Uarkapen Gazte izatea jarrera kontua da lelopean. "Bazkaria antolatzeak dakarren lana ikusita, Sara jatetxean bazkaria egitearen alde geunden [aspaldi bertan egiten zen jaietako bazkaria]. Baina azken orduan, batxilergoko bigarren mailako ikasleak prest agertu ziren bazkariko zerbitzatze lanak egiteko, eta horri esker egingo da bazkaria Uarkapen. Ez genuen halakorik espero, eta oso sorpresa atsegina izan da, gazteak hain gogotsu ikustea". Aipatzea, iaz bezala, 01:30ean manifestazio feminista egingo dutela aurten ere.

25ean, mozorro eguna

Aurten berritasun gisa, jaietako hirugarren egunean, arrasatearrei mozorrotzeko proposamena egingo diete Txosna Batzordetik. "Ez da sekulako mozorro ikusgarririk prestatu behar. Guk nahiko genukeena, etxean ditugun arropa zaharrak erabilita, eta peluka eta betaurreko batzuekin, ohiko itxura ezkutatu eta jaia era lotsagabeagoan bizitzea. Beste herri batzuetan tradizioa da, eta pixkanaka herrian errotzea nahiko genuke".

Herriarekin lotura sendotzen

Txosna Batzordearen iparra den herritxik, herrixantzat leloa betetze aldera aurtengo jaiak prestatzeko hiruzpalau bilera egin dituzte. "Bilera gehiago eginez norbanakoak ardura gehiago hartzera animatu nahi izan ditugu". Aipatzea, ekainaren 26an txosnak itxita egongo direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak