San Juan jaietan kirol ikuskizunak nonahi

Xabi Gorostidi 2017ko eka. 21a, 20:00

Urteroko hitzorduek ez dute kalerik egingo, eta beste urtez batez goi-mailako esku pilota partiduak, skateboard erakustaldiak eta herriko kaleak rokodromo bihurtuko dituen Boulder txapelketa izango dira jaietako kirol ekitaldi nagusiak.

San Juan jaietan parrandak, gastronomiak, eta musikak berebiziko garrantzia izaten dute, baina ez dira festetako osagai bakarrak izango. Kirola ere izango da osagai horietako bat.

Goi mailako esku pilota

Ekainaren 25ean goi-mailako pilotariak Uarkapeko kantxara etorriko dira. Lehen partidua eskuz binakakoa izango da eta Dario-Erostarbe eta Elordi-Irusta bikote gazteen artean jokatuko dute. Partidu nagusia, aldiz, San Ferminetako lau t'erdiko txapelketakoa izango da eta Julen Retegi eta Erik Jaka arituko dira nor baino nor.

Jaka promozio mailako lau t'erdiko txapelduna, eta distantzia horretan duen trebetasun erakusten ahaleginduko da lesio batetik atera berri den Retegiren aurrean.

Skatearen festa handia

Frontoitik frontoira salto eginez, Patxi Matxin skate jaialdiaren beste edizio bat egingo dute zapatuan Zaldibarren.

Aurreko urteetan bezala, skate eskolarekin beteko dute goiz partea gazteei eta ez hain gazteei skate munduan lehen urratsak emateko aukera emanez. Arratsaldean, ostera, txapelketen txanda izango da. Hiru proba mota egongo dira; denbora tarte batean trukorik onenak egiten  dituena sarituko duena, leku konkretu batean egindako trukorik onena sarituko duena, eta azkena, letren jokoarena. "Urtetik urtera nesken parte hartzea handitzen joan da eta hala jarraitzea nahiko genuke" adierazi du Aitor Akizu antolatzaileak.

Street Boulderra

Zortzigarren urtez jarraian alde zaharretako paretak rokodromo bihurtzeko asmoz egingo dute zapatuan StreetBoulder Txapelketa.

Bost edo sei blokez osatuta egongo da, horietako gehienak berriak izango direlarik. "Alde zaharreko paretak nahiko esplotatu ditugu aurreko edizioetan, beraz, denak ez dira berriak izango" azaldu du Kepa Bruña antolatzaileak. Berrien artean, Udaletxeko arkupean eta Izozkitegiko terraza alboan egingo dituztenak daude.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak