70eko hamarkadan Errobi taldea sortu zuen Anje Duhalderekin batera. Harrezkero, askotariko musika talde eta ekimenetan jardun du Mixel Ducauk. Gaur egun, Caroline Phillips bikotekidearekin batera Bidaia taldean ari da, baina bestelako egitasmo askotan ere jarduten du, Oreka TX taldearekin, adibidez.
Errobi: rocka euskaraz
Urtarrilean izan zen Ducau MUren Aretxabaletako Ikus-entzunezko Fakultatean EKT graduondoan parte hartzen. Haurtzaroko bizipenetatik abiatuta, umiltasunez eta ikur duen umoreaz egin zuen bere bizitzaren kontakizuna. Guraso euskaldunak zituen arren, urteetan aurrera egin ahala ikasi zuen euskaraz; hala ere, euskal tradizioa eta euskalduntasuna oinarri izan du parte hartu duen egitasmoetan. "Bogan zeuden kantuak euskaraz abesten genituen Anje Duhaldek eta biok, aurrez sortu genuen El Fuego taldean. Guretako, naturala zen euskaraz rocka egitea. Baionako Zabal liburu dendan ezagutu genuen elkar eta 1973an sortu genuen Errobi; bost lan argitaratu genituen. Iaz Japonian izan nintzen Oreka TX taldearekin eta harrituta geratu nintzen ikusle batek Errobiren disko bat sinatzeko eskatu zidanean".
Orquesta Mondragon-en ere bai
Haurtzaroko laguna zuen Jean Mari Ecayren bitartez joan zen Madrilera, eta han lau urtez jardun zuen Javier Gurruchagak gidatzen zuen taldean. "Beste mundu bat ezagutu nuen han; garai oso zoroak ziren. Musikari askorekin egin nuen topo; Angel Celadarekin, esaterako".
Parisera joan zen geroago eta ekoizle lanetan jardun zuen estudio batean. "Teknikoki asko ikasi nuen, baina bizitako garairik frustragarriena izan zen hura, beste batzuentzako kantuak egiten nituen. Garai hartako onena, Caroline ezagutu nuela. Kantatzeko beharragatik, Zaldibobo taldea etorri zen gero, Donostiako kontzertu batean ezagutu nuen Joseba Tapiarekin".