Ekitaldi garrantzitsuak streaming bidez zuzenean ikus daitezke gaur egun, belaunaldi gazteak ohitura dira halako erraztasunak izatera. Eta sanjuanak, ezin ukatu, egun garrantzitsuak dira oraindik ere Arrasaten. Bada, duela 20 urte baino gehiago, internet eta beraz streaming barik, arrasatearrek izan zuten aukera sanjuanak etxeko telebistatik zuzenean bizitzeko.
"Leher eginda amaitzen genuen"
Izan ere, 1990eko hamarkadan jaietako egitarauan jasota etortzen ziren Arrasate Telebistak (ATB) Seber Altube plazan egiten zituen zuzeneko saio bereziak. "Bote prontoan oroitzen jarrita, nekea gogoratzen dut. Lau eguneko maratoiak ziren zuzeneko saio haiek. Leher eginda amaitzen genuen. Lan itzela egiten zen, bai jaiak hasi aurretik eta baita jaiek irauten zuten lau egunetan ere", gogoratzen du garai hartan ATBko teknikari arduraduna zen Jon Aldanondok.
Goizean zein arratsaldean grabatzen zuten, gutxi gorabehera 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara. Muntaia handia eskatzen zuenez –ezin da ahaztu material guztia kalera atera behar izaten zutela–, goizean goizetik lanean hasi eta gauera arte luzatzen zen jarduna. Eta bost ordu inguruko saio bat ekoizteko lan handia egin behar zen aurretik. "Erreportajeak egin, egunean bertan editatu... Goizean jaietako ekintzen inguruko bideoak muntatzen genituen eta arratsaldean txikienen txanda izaten zen bereziki. Umeekin, AEDko Eguzkilaru [Eguzkilaru bera ere jaioberria zen orduan] eta guzti, lehiaketak egiten genituen", gogoratzen du Aldanondok. Eta hori guztia gutxi balitz, Seber Altube plaza jaietako hainbat ekitalditarako ere erabiltzen zenez, libre utzi behar izaten zuten: "Egunero-egunero, goiz eta arratsalde, guztia muntatu eta desmuntatu egiten genuen. Zoramena zen".
Kableak Kulturateko teilatutik
Ezin da ahaztu, gainera, garai hartako baliabideak eta gaur egungoak oso ezberdinak zirela. "Orduan ez zegoen internetik, gaur egun dena aldatu da. Edizio guztia fisikoa zen, zintekin egiten genuen lan. Kable guztiak fisikoki botatzen genituen egoitzako teilatutik [ospitale zaharrean zegoen ATB, gaur egungo Kulturaten], kamera astunak eta argiztapen propioa behar zutenak... Eta horri euria gehitzen badiozu, ba pentsa...". Oztopoak oztopo, merezi izaten zuen halako lana hartzeak, Aldanondoren arabera: "Amaieran oso gustura eta pozik bukatzen genuen, ondo egindako lanaren sentsazioarekin".
ATBko 'tripak' erakustea
Aldanondoren ustez, ATBk "bete-betean" asmatu zuen San Juan jaietako Seber Altubeko zuzeneko saioekin: "Telebistak presentzia zuen kalean, herritarrekiko gertutasun handia. Telebista kalera ateratzen genuen eta arrasatearrek aukera izaten zuten ikus-entzunezkoak nola egiten ziren bertatik bertara ikusteko. Oso esperientzia polita izan zen. Polita bezain nekagarria eta gogorra".
Izan ere, hainbat eta hainbat arrasatear gerturatzen ziren Seber Altubera eta herritar askok orduan ezagutu zituzten telebistaren tripak bertatik bertara: "Kamerak eta kameralariak, nahasketa-mahaia, dekoratu ezberdinak... Gu lanean buru-belarri aritzen ginen eta momentuan bertan ez ginen larregi enteratzen, baina uste dut jendeak estimatzen zituela saio haiek. Jende asko ibiltzen zen bueltaka, galdetzen ea tramankulu hori zer zen, zertarako erabiltzen zen... Jendeak Arrasate Press etxean jasotzen zuen eta oso ezaguna zitzaion, baina telebista ez zen horren ezaguna. Ez behintzat atzetik zegoen lana eta material guztia".
Arratsaldeak umeendako
Goizean zehar jaietako edukiekin osatzen zuten saioa eta arratsaldean herriko umeak izaten ziren protagonista. "Gogoratzen dut Unai Iparragirre aurkezle aritzen zela. Unairekin batera lantalde ederra zegoen, artista batzuk ziren gidoiak-eta prestatzen. Umeendako lehiaketak antolatu, sariak lortu... Lan handia egiten zen lehiaketa horiek aurrera ateratzeko eta arrakasta handia izaten zuten".
ATBren saio horien arrakasta horren adierazle da, esandako moduan, urtetan San Juan jaietako egitarau ofizialean jasota agertzen zirela. Aldanondok ez du gogoratzen zenbat urtetan zehar grabatu zituzten: "Baina ni sei edo zazpi urtetan aritu nintzen gutxienez".