Gozamen ederra hartuko dute herriko umeek zein gaztetxoek bereziki ekainaren 25ean, egun horretan biziko dute-eta parranda egun handia. Hiru gune nagusi hartuko dituzte egun horretan herriko txikienek: Biteri plaza, Zaldibar frontoia eta Jokin Zaitegi plaza. Biteriko umeendako gunean ur-jolasak, ludoteka, tirolina, puzgarriak eta aurpegi margotzea izango dira, besteak beste; Zaldibarren, berriz, gaztetxoei zuzendutako eskaintza egongo da. Denetariko jolasak egingo dituzte, ura protagonista dela.
Amaitzeko, Jokin Zaitegi plazan apar festa izango dute, 13:30etik aurrera.
Aurten nobedadeak daude, gainera; zumbaokea (12:45) izenarekin bataiatu duten ekintza, esaterako. "Dantzatu eta abestu egingo dugu aldi berean, zumba eta karaokea uztartuz. Lehen aldiz antolatu dugu, ea nola irteten den", adierazi dute Txatxilipurditik.
Makala txikia, erraldoiekin
Duela urte gutxi atera zuten lehen aldiz makala txikia eta ordutik, urtero, gogo handiz hartu izan dute gaztetxoek makala igotzearen ardura. Eguzkilaruri ongietorri beroa egin ostean (12:00) igoko dute makala txikia. Izan ere, umeek ez dituzte sanjuanak ulertzen Eguzkilaruren presentzia barik.
Ondoren, nobedade moduan ere, erraldoien konpartsakoen bisita izango dute Biterin: "Umeek parte-hartze saioan adierazi zuten erraldoiak gura zituztela. Arrasateko konpartsakoez gain, Kataluniako erraldoiak ere etorriko dira". Arrasatekoak Katalunian izan ziren eta orain Kataluniakoak etorriko dira bertakoek gonbidatuta.
Txatxilipurdikoen ikuskizuna
Aurtengo beste nobedade bat da Txatxilipurdik antolatutako ikuskizun batez gozatzeko aukera izango dutela txikienek sanjuanetan, lehen aldiz: "Naturarekin zerikusia duen ikuskizuna izango da, Txatxilipurdiko bi lagunen eskutik eskainia. Ume zein gurasoendako oso parte-hartzailea eta dinamikoa izango da; dantzatzeko, jolasteko... Osagai guztiak izango ditu".