Arrasateko Erraldoi eta Kilikien Konpartsako kideak Molins de Reiko jaietan izan ziren, eta orain, haiek izango dira Arrasaten gonbidatuak. Honela azaldu du Iñaki Artsuagak, konpartsako kideak: "Molins de Rei konpartsakoek errementari dantza ikusi zuten Internet bidez, eta, gurekin harremanetan jarriz, gonbidapena egin ziguten hango jaietara joateko. Irailean joan ginen hara, eta 30 lagun inguru izan ginen, egiten dutena ezagutzen".
Bizi izateko modu bat
Oso gazteek, oso nagusiek... adin askotarikoek parte hartzen dutela gaineratu du Artsuagak. "Beste modu batera antolatuta daude. Haientzat, bizi izateko modu bat da". Euren jaiak zaratan eta suan oinarrituta daudela azaldu du; hemengoak, aldiz, dantzetan eta ikuskizunean. "Bisitariak gustura geratuko direlakoan gaude. Harrera atsegina egingo diegu, eta, herriko txokoak ezagutzeaz batera, gure jaiak ikusiko dituzte".
Arrasateko konpartsakoak Katalunian
Valentziako beste talde batekin batera, ohorezko gonbidatu bezala joan ziren Arrasateko konpartsakoak Molins de Reiko jaietara, irailean.
Herria ikusi zuten, udaletxean harrera egin zieten eta alkatearen hitzak jaso zituzten. Bestalde, hango herrietako konpartsekin batera, erraldoi bilkura handi batera batu ziren arrasatearrak.