Uxoa Anduaga soziologoak iaz aurkeztu zuen HERRI BARREZ: Umore bidezko euskal nazioaren eraketa prozesua tesiaren laburpena egingo du EKT saioan.
"Intuizio soziologikoak bultzatuta" aukeratu zuen umorea 2010ean abiarazi zuen tesiaren gaitzat. "Gaur egun hausnartuago dago zer den umorea, nola erabiltzen dugun euskaldunok, zerk ematen digun barregura eta zerk ez... Garai hartan, baina, bazegoen fenomeno oso arrakastatsua zen Vaya Semanita. Tesiari heldu nion, ikusi nuelarik bazegoela publiko bat ez ziola grazia handirik egiten eta irainduta sentitu zitekeena saioak helarazten zituen diskurtsoekin. Nolabait ikusi nuen hor bazegoela eztabaida bat, umorea zer den definitzeko orduan", dio Uxoa Anduagak, laugarren EKT saioaren hasieran. Aurkezpen horretatik abiatuta, hamarkada ezberdinetako aldizkari, irratsaio eta telebistak aipatuta, gainbegiratu kronologikoa egingo dute, euskaldunak irudikatzeko ereduak eta moduak aztertzeko.
Marra gorria non dago?
"Politika dena da eta tranpa horretan eror gaitezke, baina nik umoreari kendu nahi nion gizartean duen ikuspegi hutsal hori, non ikusten dugun otzana dela eta libreki kontsumitu ahal duguna inolako ondoriorik sortu gabe. Horri aurka eginez erabiltzen dut umorea-politika formula. Politika baino gehiago, akaso. abagune politiko bat, badelako esparru bat politika egiteko", azaldu du Anduagak tesian jasotako ondorio nagusiak laburbiltzeko.
Marra gorria non dagoen aztertzeko ikuspegi askotatik begiratzen dio Anduagak: herrialde baten identitateari; botereak dituen trikimailuei gustatzen ez zaion diskurtsoei zilegitasuna kentzeko... Horiek eta kontu gehiago, ordu erdiko iraupena duen egueneko solasaldian.