Bertan bizi diren bizilagunak eskailerak igotzera eta jaistera ohituta daude, baina gutxi barru sufrikario hori eten egingo da, auzotarrek aspalditik eskatutako inbertsio bati esker; Makatzenako igogailua.
Biren aldeko apustua
Gaur, martitzena, egin dute aurreproiektuaren aurkezpena Oscar Garcia Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko zinegotziak eta Juan Antonio Urdangarin hirigintza saileko buruak, aurrez auzokideei azaldu ostean. Bertan aipatu dutenez, bi igogailudun proiektuaren alde egin dute, besteak beste, inpaktu bisual txikiagoa edukitzeko, eta auzotarren beharretara hobeto egokitzeko.
Argazkia: Iñaki Urdangarin eta Oscar Garcia aurreproiektuaren irudiarekin.
Lehen igogailua gaur egun eskailera hasten den tokian jarriko da, eta parada bakarra izango du, parkea dagoen altuerara. Bigarrenak , aldiz, hiru geltoki izango ditu; lehena Makatzena 2 bis portalera sartzeko, bigarrena gaur egun eskailerak amaitzen diren tokian, errepidearen maila berdinean, eta hirugarrena Makatzena erdialdearen parean kokatuko da, zubi antzeko batekin bertara heltzeko. Azken geltoki hori, adibidez, bizilagunek proposatutakoa da. Hainbat bilera egin dituzte udal ordezkariekin 2015ean proiektua egitea aurreikusi zenetik, eta horietan euren ekarpenak egiteko aukera izan dute.
Inpaktuari dagokionez, hau ahalik eta txikiena izatea bilatu nahi izan dutela azaldu du Oscar Garciak. "Igogailuaz hitz egiterakoan jendeari Uarkapekoa datorkio burura. Era horretako igogailu handi batek inpaktu handiegia eduki zezakeela iruditu zitzaigun. Honen diseinua egin duen enpresarekin hitz egin ondoren, bi moduluko aukeraren alde egin genuen, Makatzenako ingurura hobeto egokituko den proiektua egiteko. Bisualki hobeto geratuko da, eta nire ustez polita izatera helduko da".
Ingurura ahalik eta hobekin egokitu dadin, grisez ageri den pareta apaintzeko asmoa dutela azaldu du Garciak, horma irudi edo panel bidez
Beharrezko inbertsioa
Elbarrientzat eta adindun pertsonentzat eskailerak oztopo handia dira, baina Oscar Garciak azaldu duenez, horrez gain eskailerek ez dute indarrean dagoen legedia errespetatzen. "Eskailerek duten zabalera eta malda ez dator bat egungo irisgarritasun legediarekin".
Epeak
Abuztuan proiektu definitiboa amaitzea, irailean esleipen fasea zabaltzea eta urtea amaitu baino lehen lanak astea da udal gobernuaren aurreikuspena. Behin lanak hasita, bost hilabetetan amaitzea da kalkulatzen dutena.