Informazio nahasgarriz jositako lan gatazka arantzatsua dago Iturbideko egoitzako 52 erizaintza laguntzaileen eta hauen interesak defendatzen dituen enpresa batzordearen artean.
Duela urte eta erdi enpresa batzorde bat eratu zen lehen aldiz. Batzordea bost ordezkariz osatuta dago; CC.OO.-ko hiru, LABeko bat eta ELAko bat. Bertan gehiengoa duen sindikatuaren ekimenez, zuzendaritzatik proposatzen zitzaien lan egutegiaren aurkako ekintzak hasi ziren, euren ustez bitarteko karguen "pribilejioak" mantentzen dituelako, eta ez dituelako langileen arteko errotazioak ahalbidetzen.
Baina langileen zati bat zuzendaritzatik planteatzen zen egutegiaren alde zegoen, eta hori irudikatzeko batzar bat egin zuten urtarrilaren 30ean, egutegiaren inguruan bozkatzeko. Langileen estatutuko 77. artikuluan jasotzen denez, langileen %33aren sinadurak batuz batzarrak egin daitezke, eta 27 langileren sinadurak batu zituzten batzarra egiteko (%50a baino gehiago) eta 26 pertsonetatik 18k egutegia onartu zuten. CC.OO.-ko Iñaki Tempranok esan du batzarra hori ilegala izan zela, "hura konbokatzeko sinadurak presioekin eta mehatxuekin lortu zirelako" eta hori epaitegietan frogatuko dutela gaineratu zuen.
Etorkizuna, bi batzarretan
Egutegiaren alde zeuden langileek jakinarazi zuten batzar bat egingo zutela maiatzaren 17an, enpresa batzordearen desegitea bozkatu eta hauteskunde sindikalak eskatzeko.
Aldiz, CC.OO.-tik jakinarazi dute, hori egin aurretik batzar bat egiteko "akordio printzipio" bat lortu dutela, langileek enpresa batzordeak planteatzen duten egutegia onartzen duten ala ez ikusteko. Akordio printzipio hori udal gobernuarekin, gizarte ongizate zinegotziarekin eta Iturbideko zuzendaritzarekin astelehenean batzartu ostean lortu dutela azaldu zuen CC.OO.ko Iñaki Tempranok, baina udal gobernutik helarazi duten oharraren arabera gezurra da "akordio printzipio" hori lortu izana.