Cespa enpresari esleitu diote datozen lau urteetarako kaleen garbiketa

Xabi Gorostidi 2017ko mai. 9a, 21:00

Esleipena EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin onartu da, eta EH Bildu, Baleike eta Irabazik aurka bozkatu dute. Garbiketa zerbitzua udal langileek egitearen aldekoak direla azaldu dute hiru alderdiek, baina udal gobernutik adierazi dute ez dutela denborarik izan zerbitzuaren munizipalizazioaren bideragarritasuna eta kostua kalkulatzeko.

Hori izan da Udalaren jardunarekin lotutako eguneko gai bakarra eta ondoren mozioak izan dira protagonista. Lehenik eta behin, auzoetako batzordeen hautaketari buruzko mozioa aurkeztu du Irabazik. Gaia dagokion batzordean aurkeztu zuten legealdi hasieran, baina erantzunik jaso ez dutenez mozio gisa aurkeztearen alde egin duela azaldu du Juan Luis Merinok. Auzoetako ordezkaritza ereduari buelta bat emate aldera, eredu ezberdinak aipatu dituzte, tartean, alkateak auzo mailako hauteskunde bidez hautatzea. Oscar Garciak iragarri du gaiari heltzeko konpromisoa hartzen duela publikoki, nahiz eta mozioa ez den onartua izan, eta maiatzaren 29an auzo alkateekin batzarra egingo dutela iragarri du. 

Ondorengo lau mozioak Irabazik eta Baleikek aurkeztu dituzte batera, baina ez da horietako bat ere onartu. Lehena, animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunen aurkako Udal izateko (zirkuak kasu), bigarrena errepublikaren errekonozimendu instituzionala egiteko, hirugarrena munizipalizazio prozesuen defentsarako eta laugarrena Montoro legea indargabetzeko.

EAJk aurka bozkatu du guztietan, eta PSE-EEk eta EH Bilduk puntuen arabera bozkatu dute. EH Bilduk abstentziora jo du animalienean, Montoro legearenean eta bigarren errepublikakoan, azken honetan euskal klabean egin ez delako. Munizipalizazio prozesuen kasuan aldeko botoa eman dute. PSE-EEri dagokionez, abstentziora jo dute animalien mozioan, alde bozkatu dute errepublikaren aitortzarenean, eta gainontzekotan aurkako botoa eman dute.

Mozioak hausnarketagai

EAJko Anuska Ezkurrak salatu du osoko bilkuretan mozio gehiegi sartzen ari direla azkenaldian, horietako asko aurretik dagokien batzordetik pasatu gabekoak edo "Arrasaterekin zerikusirik ez dituztenak". Hori dela eta, gaurko mozio guztietan aurkako botoa emango dutela adierazi dute lehen mozioaren bozketan. Zentzu berean mintzatu da PSE-EEko Oscar Garcia ere, eta iragarri du aurrerantzean bere alderdiak aurkako botoa emango duela "Arrasaterekin loturarik ez duten gaietan". EH Bildu osoko bilkuretan hainbeste mozio ez sartzearen alde agertu da, baina "udal talde bakoitzak bere estilo propioa duela" azaldu du Eneko Barberenak. Eta azkenik, Baleike eta Irabaziko Igor Urizarrek eta Juan Luis Merinok mozioak osoko bilkuretara eramateko daukaten autonomia defendatu dute.

Iturbide egoitzako lan gatazka

Osoko bilkura hasi aurretik CC.OO. sindikatuak agerraldia egin du Udaletxeko arkupean. Iturbide egoitzako Aita Menni enpresako langileen enpresa batzordea disolbatzeko prozesuaren zilegitasuna zalantzan jarri dute, eta maiatzaren 17an egingo den batzarraren aurretik lanpostuen errotazioaren alde bozkatzeko batzar bat egiteko aukerak ikusten dituztela adierazi dute. Ondoren osoko bilkura aretora gerturatu dira, eta hitza hartu dute galdera eta eskaeren tartean. Aita Menni enpresako zuzendaritzarekin lan egutegia adosteko akordio bat zutela adierazi dute, baina Iturbideko zuzendaritzatik eta Gizarte Zerbitzuen sailetik hori bertan behera uzteko presioak egon izana salatu dute. Ondoren Irabaziko Juan Luis Merinok hartu du hitza eta Amaia Aspiazu Gizarte Ongizateko zinegotziaren dimisioa eskatu du.

Maria Ubarretxenak gatazka honetako bi aldeekin elkartu dela adierazi du; Iturbideko Aita Menniko langileekin eta baita enpresa batzordearekin ere. Bertako langileen ordezkaritza sindikalaren etorkizuna argitu arte, Udal Gobernuak ez duela neurririk hartuko adierazi du. Kontu honekin lotuta gaineratu du, udal langile batek enpresa batzordearen aurka jarrita daukan kereila kriminila babestuko dutela, langile publiko baten "lintxamendua" ez dutelako onartzen.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak