'Youtube' gazte literaturaren erreskatera

Imanol Gallego 2017ko mai. 5a, 20:55

Irakurzaletasuna, ikus-entzunezkoak eta Youtube baliatuz, Booktuberboom lehiaketa deitu dute, lehen aldiz, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri elkarteak. Bailarako gazteek, fenomeno berri honen nondik norakoak ezagutu ahal izan dituzte, antolatzaileek, Kulturaten deitu duten informazio saioari esker.

Youtuberrak gizartean barneratuta dauden garai honetan, beste kontzeptu bat dator ate joka: booktuber izatearena. Youtube plataforman zintzilikatzen den liburu bati buruzko iruzkina da booktube-a; eta liburu hori gomendatzeko bere buruari bideo-grabazioa egiten dion pertsona da booktuber-a.

Hego Amerikatik eta Estatu Batuetatik datorren fenomenoak, azpikultura digital berri bat sortu du, eta euskal liburutegi sareak, gazteengan literatura sustatzeko olatu berri honen uhinak aprobetxatu nahi ditu. Gaurko saioak Booktuberboom lehiaketaren zehaztasunak ezagutzeko balio izateaz gain, batutako gaztetxoei, Youtubek, literaturaren mesedetan, eskaintzen dizkien aukerak azaltzeko ere balio izan du.

Gazteak kultura sortzaile

20 bat gaztetxo batu dira Kulturaten, literaturak eta ikus-entzunezkoek batera eskaini dezaketen aukerak ezagutzeko asmoz. Gehienek, Youtube ongi baino hobeto ezagutu arren, ez zuten booktuber fenomenoa ezagutzen. Mattin Zeberio youtuber gazteak izan du fenomenoa azaltzeaz gain, bere esperientziaren berri emateko ardura. Entzule finek, interes handiz jarraitu dute saioa, eta bukaeran, galdera mordoa egin dituzte. Argi dago, gazteei literatura gerturatzeko bideo horretan, booktube-k gutxienez, nerabeen arreta bereganatu duela.

Gazteak protagonista

Booktuberboom lehiaketa 14 eta 18 urte arteko gazteendako da. Parte hartu gura dutenek euskarazko liburu bat irakurri eta horri buruzko booktube bat sortu beharko dute. Bideoaren iraupena, gehienez, minutu eta erdikoa izango da, eta lehiaketaren webgunean dagoen izen-emate orria beteta bidali beharko da. Bideoak bialtzeko azken eguna urriaren 24a izango da.

Saio gehiago

Hurrengo deialdiak maiatzaren 12an Tolosan eta 26an Deustun egingo dira. Horietan ere, booktuber gazte batek iruzkin bat egiteko argibide guztiak emango ditu: bideoa nola grabatu, nola berba egin komentarioa ulergarria izan dadin, testua nola idatzi gutxieneko eta gehiegizko denborara mugatzeko...

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak