Santa Barbara parkearen erabileraren inguruan hausnartzen ari da Arrasateko Haur Kontseilua

Jokin Guridi 2017ko mai. 5a, 10:11

Garatzen ari den ideien artean naturaz gozatzeko aukerak, udako zinema, kirol aisialdirako gunea edota aterpea jartzea daude. Egindako lanaren emaitza ekainaren 9rako antolatu duten ekitaldian aurkeztuko dute.

Arrasateko Haur Kontseilua urtarrilean osatu zen herritarren hazkuntzarako egokitutako hiri-eredua sortzen laguntzeko alkatetzaren aholkularitza organo gisa lanean aritzeko helburuarekin. Kontseilua Gaztegunean biltzen da hileroko maiztasunarekin eta Arrasteko ikastetxe guztietako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 18 haurrek osatzen dute, parekidetasun eta aniztasun irizpideak erabiliz aukeratuak izan direnak.

Urtarrila eta apirila bitartean Santa Barbara parkeko espazioa berreskuratzeko ideiak landu eta garatu dituzte Kontseiluko partaideek jarduera desberdinetan zehar. Lehen saioan elkar ezagutzeko aukera izan zuten eta Arrasateko alkatearekin lehen bilera egiteko aukera izan zuten. Bertan aurkeztu zen Santa Barbara parkearen proiektua eta lehen iritziak partekatu zituzten. Bigarren saioa parkea ezagutzeko erabili zuten, bai historia baita gaur egungo erabilera ere. Horretarako, parkean zehar taldeka ibili ziren inguruetako erabilera aztertuz eta udaltzainekin ere egon ziren egungo erabileraren eta gatazken inguruko informazio gehiago jasotzeko. Hirugarren saioan aldiz, jasotako informazioa kontutan izanda ideia berriak garatu zituzten irudimena landu eta ideiak sortzeko jarduera eta jolas desberdinen bitartez. Honen ostean, berriz elkartu ziren alkatearekin landutako proposamenak azaltzeko.

Apirilean egindako saioan irtendako proposamenak gehiago lantzeko aukera izan zuten. Izan ere, lan taldean sortu diren jorratzeko ardatzak naturaz gozatzeko aukerak, udako zinema, kirol aisialdi gunea eta aterpe bat jartzea dira eta hauetan sakondu zuten Kontseiluko kideek. Maiatzean egingo dute azken saioa Arrasateko Haur Kontseiluko kideek ikasturtea amaitu aurretik eta ekainaren 9an egingo den jaialdian aurkeztuko dute beraien lana, haur zein helduei zuzendutako jolasak ere egingo dituztelarik. Jaialdiaren helburua haurren partaidetza ospatu eta kontseiluaren lana herritarrei helaraztea da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak