"Konturatu ginen ez zegoela azterketarik edo txostenik bakarrik bizi diren 80 urtetik gorako arrasatearren bizimodua aztertzen zuenik, ez genekiela nola bizi ziren. Hori dela eta, interesgarria iruditu zitzaigun estudio bat egitea", azaldu du Amaia Azpiazuk, Arrasateko gizarte zinegotziak.
Diagnostiko hori egiteko, Atiempo izeneko enpresarekin harremanetan jarri zen eta hainbat gizarte langile lau hilabetez azterketa eta froga desberdinak egiten aritu dira.
471 pertsona dira Arrasaten bakarrik bizi diren 80 urtetik gorakoak eta horietatik 349k onartu zuten azterketa edo kontsulta hau egitea –aztertutakoen %100ak onartu duela gura dutelako bizi direla bakarrik, erabaki pertsonala izan dela–. Alde horretatik, enpresak adierazi du erantzun zoragarria izan dutela arrasatearrek eta Udala pozik agertu da. "Esan ziguten lehenengo gauza izan zen harrituta geratu zirela Arrasateko jendeak izan duen erantzunarekin", azaldu du Azpiazuk.
Azpiazuk adierazi du badaudela hutsune batzuk, baina orokorrean, azterketak utzitako emaitzak onak direla. "Orokorrean begiratuta, ikusten da adin horretako pertsonak bizimodu ona, eta gauza askotan oso ona, dutela. Badaude hutsune batzuk, badaude lan egin beharreko kontu batzuk, baina oso positiboa izanda, eta oso pozik gaude", dio gizarte zinegotziak.
Arlo asko jorratu dira
Askotariko datuak batzen ditu diagnostikoak. Ondorio batzuk azpimarratzearren, tratu txarren kasurik ez da antzeman, adibidez; bakarrik bizi diren gehienek senitartekoak gertu dituzte eta ia eguneroko harremana dute haiekin; gehienak egunero irteten dira kalera –aipatzekoa da gizonezkoek kalera irteteko joera handiagoa dutela ondorioztatu dela txostenean–. Etxebizitzari dagokionez, aztertutakoen %97 etxebizitza egoki batean bizi da.
Horrez gain, 346 etxebizitzetan su-detektagailuak jarri dira eta etxebizitza horien plano bat, krokis bat, su-hiltzaileei helarazi zaie. Hori ere garrantzitsua da Udalarentzat, "sute kasu batean edo errazago lan egitea ahalbidetzen duelako".
Aurrera begira, jarraipena
Gizarte-langileek zerrenda bat egin dute, aztertutako guztien izen-abizenekin. Zerrenda horrek bakoitzaren beharrak jasotzen ditu eta horri jarraipena egitea da Udalaren asmoa. "Honek jarraipen bat behar du, derrigorrez. Haien erabakia da bakarrik bizitzea eta eskubide guztia daukate horretarako. Beraz, guk, erantzun bat eman behar diegu", azaldu du Azpiazuk, eta gaineratu du "ez datorren urtean bakarrik, urtero egin beharreko kontu bat" izan beharko litzatekeela.