Zapatuan Gaztetxea inoiz baino gazteagoa izan zen, garai bateko nerabeek, euren seme-alabak eroan baitzituzten bertara. Herrian umeak ez ezik, gurasoak ere txikiekin egoteko toki falta igarri ostean, jo zuten Gaztetxera eta AGAKOko kideei proposamena helarazi bezain pronto hauek baiezko borobil batekin ireki zizkieten ateak. Asanbladako kide Naiara Corcuerak, ekimenak izandako babesa eskertu gura izan zuen, "hasieratik ilusionatu ziren Gaztetxea haurrei zabaltzeko asmoarekin, eta erraztasun ugari eman dizkigute".
Gaztetxea jolasleku
Etxeko txikiek espazioa ezagutu ez arren, berehala egin ziren Gaztetxera. Batzuek baloiarekin oholtza gainean jolasten zuten bitartean, besteek gurasoek prestatutako meriendaz gozatzen zuten. Lehen kontaktuaren ostean, Txatxilipurdiko bi hezitzaileren eskutik ipuin bat entzuteko garaia iritsi zen. Ostean, batzuek istorioko pertsonaiak margotzen zituzten bitartean, besteek jolas egiteko aprobetxatu zuten.
Egia da hasieran txikiek baino ez zutela jolasten, baina minutuak pasa ahala, gurasoak ere animatu ziren haurrekin jolastera.
Jarraitzeko asmoa
Abendu aldean egin zuen asanbladak lehen batzarra, eta urtarrilean hasi ziren Gaztetxea erabiltzen. Lehen hilabete hauetan haurren loari buruzko hitzaldia eta zapatuko Txiki Festa antolatu dute, baina aurrerantzean, gauza gehiago egiteko asmoa dute. Egun 25 familia inguruk osatzen dute taldea, eta haurrentzako gauzak antolatzeko gogoa duen edonor izan daiteke bertako partaide.