Bi artista elkartzen direnean, magia baino ez da sortzen. Soinu magikoak Urretxoren disko batean oinarritzen den arren, antzerki gisa, ikuskizunak asko irabazi du. Martinez de Lezearen hitzek, mitologia eta ametsen artean jolas egiten duen kontakizun sorta zoragarri bat sortu dute. Urretxok gainera, antzerkia are borobilagoa izan dadin, diskoan ez zeuden hainbat partitura ere sortu ditu, "pieza batzuk diskokoak dira, baina ez guztiak; Totirekin elkarlanean, istorio bakoitzarentzako doinu aproposenak aurkitzen saiatu gara" dio Urretxok.
Sorginak, dragoiak, erraldoiak, jainkosak, ipotxak, laminak... Soinu magikoak mitologia eta ametsak elkartzeko bide horretan, oso pertsonaia gutxi utzi ditu kanpoan. Hala ere, istorioak sinpleak bezain magikoak dira, edozein ikuslek gozatzeko modukoak. Arrasateko dragoiaren kondairak ere izan du bere lekua, hori guztia Martinez de Lezearen hitz eta ahotsean.
Guztiak aho zabalik
Handiak zein txikiak liluratuta irten dira Amaia antzokitik. Eszenografia xumea eta kontalariaren lanaz gain, zuzeneko musikarien lanak, ukitu berezia ematen baitio istorioari. Amaieran, ikusleek, gogotik egin dute txalo. Argi dago, musika izatetik haragi eta hezurrera egindako bidaian, Soinu magikoak ikuskizunak, asko irabazi duela.