Lehen sorospenak eta desfibriladorea nola erabiltzen den jakiteko hiru ordutako ikastaroa izan dute langileek. Ikastaroa Elorregiko Gurutze Gorriko Xabier Aranburuk eman du.
Gero eta desfibriladore gehiago EAEn
Ospitalez kanpoko bihotz-geldialdia (OKBG) arnasketa eta zirkulazio espontaneoen bat-bateko etena da, ezustean gertatzen dena. OKGBrako gomendatutako tratamendua Bihotz-biriketako Bizkortzea (BBB) da; lekukoek unean bertan egindakoa eta desfibrilazio goiztiarra. Lekukoak bihotz-masaje goiztiarra egitea guztiz erabakigarria da pazienteei egiten zaien bizkortzeak arrakasta izan dezan.
EAEn gero eta ohikoagoak dira desfibriladoreak eta hauek erabiltzeko formazioa duen pertsona kopurua ere hazten doa. Eraikin ezberdinetan desfibriladorea egoteari esker, kalean ezbeharren bat gertatuz gero, hasierako atentzioa azkarrago jaso dezakete herritarrek.
Norbaiti bihotza gelditu zaiola hauteman bezain laster -arnasarik ez duelako hartzen- 112ra deitu eta bihotzeko masajea ematen hasi behar da desfibriladorea iritsi bitartean. Desfibriladoreak emandako argibideak jarraitu behar dira anbulantzia etorri bitartean.
Bihotz-geldialdi baten lekuko izanez gero, ondorengo pausuak eman behar dira:
1. Egoera identifikatu
2. Deitu 112ra.
3. Berehala hasi BBBa egiten.
4. Kanpo-desfibriladore automatikoa (KDA) ahalik eta lasterren erabili.
Bihotz-biriketako bizkortzeetarako Osakidetzaren laguntza APPa
Ayuda a la Parada Cardiaca izenarekin aurkitu daiteke Osakidetzako aplikazioa. Honek emandako argibideak jarraituta, Bihotz-biriketako gelditze baten aurrean zer egin behar den jakin ahalko da. Honetaz gain, GPSaren bidez, ezbeharra gertatu den tokitik hurbil dauden desfibriladoreak non dauden kokatuta jakin daiteke.