Bustia eta arriskutsua bezain ederra Arrasate-Udalatx mendi lasterketa

Bizkaitarrak izan dira nagusi aurtengoan. Markel Zamakona eta Aitor Ajuria otxandioarrak (1:54:16) eta Oihana Azkorbebeitia abadiñoarra (2:13:15) izan dira azkarrenak Arrasate-Udalatx mendi lasterketaren hirugarren edizioan. Aurreko biekin alderatuta ediziorik gogorrena izan da, bereziki eguraldiak eraginda. Saio berezia bihar, astelehena, Goiena Telebistako Harmailatik-en (21:30).

Eguraldi iragarpenak ikusita, jakina zen ibilbidea arriskutsu egongo zela, jaitsieran bereziki, baina eroriko larririk ez da izan: "Lehen helburua zen lesio larririk ez izatea, eta bete dugu", adierazi du Mondraitz taldeko ordezkari Eneko Urrizalkik. Antolatzaileak pozik egon daitezke, Herriko Plazan Goienako kameren aurrean hitz egin duten korrikalari guztiek txalotu dute-eta haien lana.

Lasterketari dagokionez, hasieratik jarri dira lasterketa buruan Zamakona eta Ajuria, haiek izan dira Udalatxeko gaina egiten lehenak. Hirugarren postuan igo da Udalatxera Ekaitz Kortazar durangarra, ondoan Iban Letamendi oñatiarra zuela. Beheranzkoan Aritz Kortabarria arrasatearrak aurrera egin eta  hirugarren postuan helmugaratu da; Ekaitz Kortazar durangarra laugarrena eta Letamendi bosgarrena.

Emakumezkoetan, berriz, Oihana Azkorbebeitia abadiñoarrak (2:13:55) ez du aurkaririk izan. Ibilbidea larregi ezagutu ez arren, hasieratik kontrolpean izan du lasterketa; Maite Etxezarreta azpeitiarra izan da bigarrena (2:22:37) eta Maddi Mujika legazpiarra (2:23:46).

Jendea ibilbide osoan zehar

Eguraldia desatseginari aurre eginez, hainbat izan dira lasterketa bertatik bertara jarraitu gura izan duten herritarrak, Herriko Plazan zein ibilbide osoan. Korrikalariek asko eskertzen dute hori: "Haiena bai dela meritua", adierazi du lasterkari batek baino gehiagok.

Erlazionatuak

Mondraitz 3. edizioko argazki bilduma

Arrasate

Eguraldia aurreko urteetan baino kaxkarroagoa izan arren, aurtengoak ere irudi politak utzi ditu. Jarraian ikus dezakezue argazki galeria.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.