Bi emakume musikari 'Kulturrizketak' saioan

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2017ko mar. 22a, 14:00

Ines Osinaga (Gose) eta Zaloa Urain (Kokein) 'Kulturrizketak' saioko platoan.

Gose taldeko Ines Osinaga eta Kokein-eko Zaloa Urain abeslaria izango dira kameren aurrean, bihar, eguena, 21:30ean, Goiena telebistan eskainiko den elkarrizketa saioan; ondoren, aurreko saioak bezala, goiena.eus atarian ere ikusgai izango da.

Aspaldi elkarrekin egon barik, garai bateko Zerrajera lantegiaren eraikinean muntatutako platoan elkartu ziren Ines Osinaga Arrasateko Gose taldeko kidea eta Kokein taldeko Zaloa Urain eibartarra, Goienaren Kulturrizketak saioaren beste kapitulu bat grabatzeko.

Elkar estimatzen dutela eta batak bestearen ibilbidea jarraitzen duela erakutsi zuten hasieratik. Lagun giroan jardun zuten, bada, kamera aurrean ordu erdiz solasean; aurrez idatzitako gidoi zehatzik jarraitu barik, eta batak besteari esandakoa naturaltasunez josiz.

Euskal rock-and-roll feminista

Emakume musikariak protagonista dituen Emarock jaialdian  elkarrekin azkenekoz egon zirela gogora ekarrita, emakumeek musikagintzan duten rolaz eta indarraz berbetan hasi ziren. "Agertokian, lehen, ahotsean  –mikroan– jartzen nuen indarra; orain, berriz, gorputzarekin askoz gehiago", esan zuen Gose taldekoak. Eta bide beretik jarraitu zion Kokein-ekoak. "Ados. Ez dakit adinagatik den, baina sentsazio bera dut".

Gauzak aldatzen doazen arren, egiteko lan handia dagoela zioten. "Oraindik ere ematen du emakume bat agertoki gainera igotzeko, zerbait berezia izan behar duela emakume horrek", zioen Urainek, eta zera gaineratu zion Osinagak: "Azkenaldian buelta asko ematen dizkiot gai honi, eta zera uste dut: 80ko hamarkadan euskal rocka sortzeko baldintzak izan ziren moduan, gaur egun, euskal rock feminista sortzeko garaia bizi dugu".

Etapa ezberdinetan

Elkarrekin gauza asko egindakoak dira. "Gogoratzen duzu Bartzelonan jo genuenean? Goseren lehengo diskoarekin zen",  "Bai. Gogoan dut, oso ondo egon zen. Kontzertu hartatik, trikitia beste modu batera ikusten dut. Asko gozatu nuen zu ikusten; eta kontzertua bukatzean esan nizun, gogoratzen?". "Bai, hala da", erantzun zion Gosekoak.

Urte askotako eskarmentua dute musikagintzan; baina etapa ezberdinetan daude orain. Gosek atsedenaldia hartu du eta Kokein orain dela gutxi kaleratu duen Lupekharia diskoa aurkezten ari da. "Lau urte geldi egon gara eta orain, sekulako gogoarekin ari gara agertokian. Jendeak uste du ama naizelako geratu ginela; hortxe, gauzak askorik aldatu ez diren beste erakusle bat. Baina ez da horregatik izan, ordurako nire alabak bazituen-eta urte batzuk. Diskotik diskora beti egin izan ditugu geldialdiak. Gelditzea, askotan, ez da aurrez pentsatzen duzun zerbait. Era berean, kontuan hartzekoa da ez garela musikatik bizi; ni irakaslea ere banaiz. Nork bere bizitza du eta hori oso kontuan hartzen dugu asteburuetako kontzertuak lotzean ere. Hilean kontzertu bi baino gehiago ez ditugu egiten, normalean", kontatu zuen Urainek. "Nik bai; erabaki dut gelditzea. Oso azkar zihoan trenetik gelditzea behar nuen. Agertokitik jaitsi baino gehiago, fokuak itzali ditut. Gustura nago".  

Autoekoizpena: gogorra eta ona

Garrantzi handia ematen diote egin gura dutena erabakitzeko aukera taldeak izateari; eta horregatik egin dute autoekoizpenaren aldeko hautua, nahiz eta biek aitortzen duten oso gogorra dela. "Harro nago hartutako erabakiaz, baina hasieran oso gogorra egin zitzaidan; kantuak sortzeaz gainera, fabrikako aurrekontua negoziatzea, promozio kanpaina prestatzea... gauza asko dira", zioen Gosekoak, eta horrela jarraitu zuen Urainek: "Baina bidean asko ikasten da, musika industriaz gainera, pertsonalki ere bai".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak