Iaz antolatu zuten Alternatiben Azoka lehen aldiz, Gaztetxearen urteurreneko jaialdian. Aurten ordea, hitzaldiei protagonismoa emateko asmoz, ekintza solte bezala antolatzearen alde egin dute. Askotariko erakunderekin hamaika hitzaldiko zikloa antolatu dute Seber Altuben, eta horrez gain hainbat elkartek postuekin azoka ere egingo dute.
Bigarren edizioa baina helburua ez da aldatu, ezta?
Hala da. Bizi garen mundu kapitalista honen aurrean, alternatibak badaudela erakusteko asmoz antolatu dugu. Gaur egun dugun hegemonia hori hausteko aukerak egon badaudela, alegia.
Alternatibak hainbat esparrutan gainera?
Kulturako eragileak, ekonomikoak, hezkuntza mundukoak, energia berriztagarriekin lotutakoak, komunikazio alorrekoak, ... ahalik eta esparru gehienetako erakundeak ekarri nahi izan ditugu aurtengoan.
Aurten berritasunik?
Kopuru eta arlo aldetik aukera zabalagoa lotu dugula esango nuke. Iaz urteurreneko festa barruan sartu genuen hitzaldi zikloa, eta egia esan, oso zaila izaten da hitzaldia jarraitzea festa giroaren erdian. Edo hitzaldietan zaude, edo festan murgilduta, baina biak paraleloan ez da gomendagarriena. Iazko esperientzia ikusita, eta batez ere hitzaldien edukia balioan jartzeko aurten egun solte bat aukeratu dugu azoka eta hitzaldiak egiteko.
Hamaika hizlari eta hainbat postu antolatzeko atzeko lan handia izango zenuten, ezta?
Ba bai badago lana atzetik. Duela lau hilabete hasi ginen forma ematen. Iazko kolaboratzaileei proposatu, erakunde berriak kontaktatu... eta egia esan lehen pausua guk eman gabe ere deitu digute erakunde batzuek. Hori pozgarria da guretzat, nolabait egin dugunak oihartzun bat izan duela erakuste duelako. Aurten gainera, bi fitxaketa ere izan ditugu antolaketa taldean eta horrek ere laguntzen du.
Hitzaldiren bat nabarmentzearren?
Denek dute euren puntua, baina nik uste jende gehien erakarri dezakeena Goienerrekoek eskainiko dutela izango dela, batez ere Garoña eta argiaren garestitzea pil-pilean daudelako.