Iazko urrian kontsulta organo den Ingurumen Mahaia eratu zen, horren helburua izanik Udalaren jabetzako landa guneetarako "proposamenak aztertu, lehentasunak zehaztu, zer egin adostu eta planifikazio bat definitzea" herriko hainbat eragileren artean.
Mahaia osatu zuten honako eragileek: Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak; Besaide Mendi Elkartea; Naturtzaindia Elkartea; SUDC; San Prudentzio elkartea; Ekologistak Martxan; Arrasate Zientzia Elkartea; eta Zero Zabor.
Lehen saioan, Udal jabetzakoak diren landa gune guztien berri eman zieten Udal ordezkariek eragileei eta elkarteetako ordezkariei. Eta bigarren saioan, azaroaren 24an egindakoan, honako adostasunak lortu zituztela iragarri dute:
- Besaide Mendi Elkarteak egindako proposamenari babesa ematea eta Udalari eskatzea Etxezarretako lursaila erostea.
- Arrasate Zientzia Elkarteak proposatutako Antoñako presaren atzean dagoen beteketan, hezegune edo zingira bat sorrarazteko aukerak aztertzea, ekosistema umel baten sorrera bultzatzeko (anfibioak, uretako txoriak…).
- SUDC eta San Prudentzioko Elkarteak proposaturiko aisialdi eta bainurako gune baten egokitzapena aztertzea, Elorregiko makaldian (San Prudentzioko Txoperan), Oñati ibaian –Tavex enpresaren parean– presa bat dagoela aprobetxatuta.
Bideragarritasuna aztertu behar
Elorregiko makaldian aisialdi eta bainurako gune bat egokitzea bideragarria den jakiteko eskutitza bidali diete URA Uraren Euskal Agentziari, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari eta Oñatiko Udalari. "Edozein planteamendu egin aurretik, bideragarria den edo ez jakin beharko genuke eta ezinbestekoa da hiru instituzioetatik baiezkoa jasotzea", jakinarazi dute Udal ordezkariek.
Baiezkoa jasoz gero honako irizpideak jarraituko lituzketela aisialdi gune hori egokitzeko argitu dute:
- Bainurako (Oñati ibaiko presan) eta aisialdirako gunea planteatzen da.
- Proiektu honek erlazioa dauka bidegorriarekin eta ibaiak ematen dituen aukera paregabeekin.
- Ez da aurreikusten inolako zibururik jartzea, ez eta jolas-parkerik.
- Ez da aurreikusten obrarik egitea, egokitzapen xume eta naturala litzateke.
- Ez da aurreikusten inolako estaldurarik egitea.