Xabier Urzelai Arrasate
Debagoieneko Txirrindularitza Klubak hasi du –ofizialki– denboraldia, nahiz eta, seguruenik, bertako kideek asteak daramatzaten, isilpean, hanketan kilometroak pilatzen. Izan ere, garai batean zikloturistek atseden hartzen zuten neguko hilabeteetan, baina egun, askok eta askok urte osoan erabiltzen dute bizikleta.
Bada, joan den asteburuan egin zuten denboraldi hasiera, ohiturak agintzen duen moduan, Dorletara igo eta ama birjinari lore eskaintza eginda. Kuriosoa da: sinestuna izan edo ez, asko dira Dorletako Amarenganako –ziklisten zaintzailea– debozioa dutenak. "Eguraldi nahasi samarra izan genuen, baina taldetxo polita batu ginen; lore eskaintza egin eta gero, hamarretakoa egin genuen Uribarrin".
Bi mila kilometrotik gora
Datozen hilabeteotan, bada, Debagoiena Txirrindulari Taldekoek domekero izango dute hitzordua: "Lehenengo irteerak motzak egiten ditugu, gorputza kilometroak egitera ohitzen joan behar delako. Luzeenak, berriz, ekain inguruan egiten ditugu; luzeenak 120 kilometro inguru izango ditu, eta irteera guztietatik ehuneko kopuru bat egiten duena saritu egiten dugu. Guztira, aurten 2.300 kilometro inguru egingo ditugu domekero".
70 lagun klubean
Debagoiena Txirrindulari Klubak 70 bazkide inguru ditu, eta batzuk adinez nagusiak: "Hori du ona kirol honek, nagusiek ere praktikatu dezaketela, ez dagoela adin mugarik. Hala, nagusiena Pedro Etxagibel (1932) izango da eta ondoren Joxe Menendez (1934). Horiek ohorezko bazkideak dira, baina Jesus Parra (1943), esaterako, bizikletan dabil, eta asko dira 70 urte inguru dituztenak: Arantzabal, Oregi, Larrañaga...".
Zikloturista gazteak bai, baina emakumezkoak ere gerturatu gura dituzte klubera, geroago eta gehiago dira-eta bizikletan dabiltzanak: "Horrekin batera, Ignacio Zuloaga kalean dugun lokala dinamizatu gura dugu. Udalarena da lokala, eta bertan gimnasio txiki bat dugu. Bada, gaur egun, ez dugu askorik erabiltzen, materiala zaharkiturik dugu, eta buelta bat eman gura diogu horri".
Ekainean Erronkarira
Domekero irteerak antolatzearekin batera, ekain erdi inguruan Erronkarira joango dira, urtero egiten dute-eta asteburu osoko irteera bat: "Larrau, Belagua... Mendate horiek igotzeko asmoz joango gara Pirinioetara".