Lanako lotunean biribilgunea egitea onartu dute, mozioak protagonista izan diren osokoan

Xabi Gorostidi 2017ko mar. 7a, 21:06

Besteak beste, transformadorea kentzeko Herri Eskolako gurasoek aurkeztutakoa, EH Bilduk dispertsioarekin amaitzeko proposatutakoa, eta Nazioarteko Emakumearen Egunaren inguruko adierazpen instituzionala onartu dituzte, eta Garoñaren aurkako mozioa adierazpen instituzional bezala adosteko atzeratzea adostu dute.

Askorako eman zuen atzo Arrasateko udalbatzak egindako osoko bilkurak. Sei gai eta bederatzi mozio zeuden mahai gainean, eta gehienek aurrera egin zuten.

Lehenik eta behin, Bedoñara bidean dagoen Lana lotunean biribilgunea egitea adostu zuten aho batez. Urtarrilean eman zuten akordioaren berri Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Arrasateko Udalak, eta atzo Maria Ubarretxenak adierazitakoaren arabera, lanak ekainean edo uztailean hastea espero dute. "Segurtasuna handituko da, eta bertan inbertsioak egin behar dituzten enpresentzat erraztasun logistikoak ekarriko ditu".

Eguneko lehen eztabaida 4. puntuan etorri zen. San Andres auzoko ur biltegian telefonia mugikorreko Estazioa jartzeko kokapen berriaren egokitasuna zen onartzekoa, baina Irabazik eta EH Bilduk bertatik gertu bizi diren baserritarren ezinegona eta kezka azaleratu zituzten. Kokapen egokiagoa topatzeko asmoz, gai zerrendatik ateratzea bozkatu zuten denek, Hirigintza zinegotzi den Ibon Arrupek ezik.

Jarraian, uraren ziklo integralaren ordenantzaren hasierako onarpena eta Lurralde Historikoko herritarren partaidetzarako erakunde arteko espaziora atxikitzeko gaiak onartu zituzten. Lehena, alderdi guztien babesarekin, eta bigarrena, aldiz, Irabaziren aurkako botoarekin.

Hau egin ostean mozioen txanda heldu zen. Lehenean, Musakolako Herri Eskola handitzeko transformadorea kentzeko Arrasateko Herri Eskolak aurkeztutako mozioa onartu zuten. Eusko Jaurlaritzak  duela 13 urte onartu zuen handitze prozesua, baina ezin izan da gauzatu, besteak beste, finantziazio arazoak egon direlako Jaurlaritzaren partez, eta ondoren transformadorea dagoelako ere. Herri Eskolakoek Arartekora jo dute Udalak eta Eusko Jaurlaritzak transformadorea kentzeko duten ezintasuna ikusita, eta hori dela eta, arazoa konpontzeko prestutasuna agertu du Udal Gobernuak. Eurekin elkarlana hasi duten arren, Beñardo Balerdi Herri Eskolako zuzendariak azaldu zuen, mozio bezala aurkeztu zutela atzokoan, udal gobernuaz gain, beste alderdien babesa ere lortzeko, eta aho batez onartu zuten transformadorea kentzeko mozioa.

8. puntuan Frankismoaren biktimei justizia egiteko mozioa onartu zuten aho batez, testu bateratua irakurri ostean. Hala, Arrasateko Udalak kereila kriminal bat jarriko du Buenos Airesen Frankismoaren aurka abiarazitako prozesu judizialarekin bat eginez.

Ostean, Eudelek Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira egindako adierazpena onartu zuten mozio bidez. Aldez aurretik, Irabazik bere desadostasuna agertu zuen adierazpenarekin, eta hori dela aurkeztu zen mozio bezala, eta ez adierazpen instituzional gisa. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten, Irabazik ezik.

Gaiarekin lotuta Baleike udal taldeak aurrekontuetan genero ikuspegia kontuan hartzeko mozioa aurkeztu zuen. Besteak beste, Arrasateko emakumeen langabezia-tasa gizonezkoena baino %5 altuagoa dela azaldu zuten, eta era horretako ezberdintasunak aurrekontuak definitzek orduan kontuan hartzea eskatu zuten. Horrez gain, berdintasunaren alde lanean ari diren herriko erakundeekin elkarlana indartzeko foro bat sortzea ere eskatu zuen. Mozioak Baleikeren eta Irabaziren babesa izan zuen, EH Bildu abstenitu egin zen, eta EAJ eta PSE-EE taldeek aurka egin zuten.

Eguneko 10. puntuan EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik Garoña zentral nuklearraren aurka jarritako mozioa izan eztabaidagai. Interbentzio guztietan alderdi guztiek adierazi zuten Garoñako zentralaren bizitza luzatzearen aurka daudela, eta hori ikusirik, hurrengo osoko bilkura batean adierazpen instituzional gisa onartzeko atzeratzea onartu zuten.

Onartutako beste mozio bat EH Bilduk Dispertsioaren amaiera eskatzeko proposatutakoa izan zen. Berriki, Premin San Pedroren senideek jasandako auto istripuaren harira elkartasuna adierazi nahi izan zuen Eneko Barberenak, eta jarraian, dispertsio politikarekin amaitzeko neurriak eskatu zituen. Alderdi guztiek alde bozkatu zuten sozialistek izan ezik. Atzokoan 9 urte betetzen ziren ETAk Isaias Carrasco zinegotzi sozialista ohia erail zuenetik, eta puntu hau eztabaidatzen ari zirelarik PSE-EEko zinegotziak aulkitik altxatu ziren, protesta seinale legez. Galdera eta eskaeren txandan Oscar Garciak azaldu zuen, urteurren berezi horren egunean halako mozio bat planteatzea lekuz kanpo ikusten zuela, eta Isaias alderdikideak utzitako hutsunea nabarmendu zuen. Hala ere, interbentzioaren amaieran aipatu zuen logikoa iruditzen zaiola EH Bilduk dispertsioaren amaiera eskatzea, baina ez zitzaiola egun aproposa iruditu. Zentzu horretan EH Bilduko Eneko Barberenak adierazi zuen, Carrascoren heriotzak eragindako mina ulertu arren, ez zaiola ondo iruditzen dispertsioa eta Isaiasen heriotza nahastea. Batez ere, dispertsioaren eraginak familia kideek jasaten dituztelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak