Azoka berritzeko eta indartzeko herritarren txanda

Xabi Gorostidi 2017ko mar. 7a, 13:04

Herrigunea biziberritzeko eta merkataritza sustatzeko asmoz, parte hartze prozesua zabaldu du Udalak herritarrek azoka hobetzeko dituzten ekarpenak egin ditzaten. Atzotik martxoaren 19ra iraungo du, eta udal webgunean zein BAZen, Etxaluzen, Musakola kiroldegian eta Kulturaten egin daitezke ekarpenak.

Ferixalekuko azokako instalazioak berritzeko eta bertan ematen diren zerbitzuak herritarrentzat erakargarriak izateko parte hartze prozesua antolatu Arrasateko Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak sailak.

2016ko ekainean 500 pertsonari egindako inkestak argi utzi zuen arrasatearren lagin adierazgarri bat azoka duela 40 urtetatik dagoen tokian mantentzearen alde zegoela.

Behin hori jakinda, egutegi, zerbitzu eta baliabide alorrean zein aldaketa egin behar diren jasotzeko, parte hartze prozesua abiarazi dute, ekarpen zein inkesta bidez herritarrek euren iritzia helarazi dezaten.

Horretarako epea atzo hasi zen eta martxoaren 19ra arte luzatuko da. Ekarpenak fisikoki egin daiteke BAZen, Etxaluze egoitzan, Musakola kiroldegian edo Kulturaten jarritako parte hartze buzoietan. Horretaz gain udal webgunean dagoen inkesta betez ere eman daiteke iritzia, honako galderak erantzunez:
 
  • Zure ustez zer alderdi hobetu behar dira azokako instalazioetan?
  • Zure ustez gaur egun ditugunak baino azoka-egun gehiago behar al dira?
  • Zure ustez saltoki finkoak irekitzeko ordutegia nahikoa al da?
  • Zure ustez saltoki finko gehiago beharrezkoak al dira, eta zein motatakoak?
  • Azoka edo feria berezien mota eta eskaintza zabaltzea beharrezkoa al da?
  • Beste zerbitzu batzuk eskaini beharko al lituzke azokak?

Parte hartze prozesuko emaitzak pilatu ostean mahai sektorial batean landuko dira bertan jasotakoak. Hainbat hankadun mahaia izango da, bertan izango baitira saltokien emakidadunak, baserritarrak, merkatariak, azokako komunitateko bizilagunak, edo udal teknikaria besteak beste. 

Inkestako, parte hartze paneletako eta mahai sektorialeko ondorioak laburpen txosten batean bilduko dira. Ondoren Udaleko Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeak txosten hori aztertuko du, onarpen handiena jaso duten ekarpenak lehiaketaren xedeko Azoka Proiektuaren baldintzen agirietan gehitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak