Martitzenean, martxoaren 7an, beteko dira bederatzi urte Isaias Carrasco zinegotzi ohi sozialista hil zutenetik, eta hil zuten toki berean egin diote beste urte batez omenaldia; Arrasateko Navas de Tolosa kalean.
Omenaldian izan dira, besteak beste, Carrascoren alarguna eta seme-alabak, zein alderdi sozialistako Idoia Mendia, Patxi Lopez, Jesus Egiguren, Iñaki Arriola, Denis Itxaso, Rafaela Romero, Blanca Roncal, Jose Antonio Pastor, Rodolfo Ares eta Paco Garcia. Gogora Institutuko Aintzane Ezenarro ere bertan izan da. Eta baita Arrasateko alkate Maria Ubarretxena, eta herriko EAJko, Baleikeko eta Irabaziko ordezkariak ere. Inazio Uria enpresa-gizona zenaren senitartekoak ere bertaratu dira omenaldira.
Lore eskaintza egin diote, eta ostean, hitza hartu du euskal sozialisten idazkari nagusi Idoia Mendiak. Hasteko, esan du otsaila eta martxoa sozialistendako hilabete "gogorrak" direla, sozialista zirenen hainbat hilketa egon izan direlako hilabete horietan, eta hauxe azaldu du: "Beste urte batez, Navas de Tolosa kalera etorri gara esatera ez dugula ahaztu, ukatu egiten dugula gertatu zena alde batera uztea, eta etorri gara aldarrikatzera Isaias Carrascoren memoria, baina baita Marianena, Sandrarena, Ainararena eta Adeiena ere".
Mendiak gogora ekarri du Isaias Carrasco izan zela hil zuten azken sozialista "herrialde honen askatasunerako konpromisoa hartu zuena", eta adierazi du azkenean "askatasunak eta aniztasunak" irabazi duela herrialde honetan eta "totalitarismoak" galdu. Gaineratu du orain "iraganeko banaketak" gainditu behar direla, eta euskal hiritarren arteko elkarbizitza funtsezko bi printzipiotan oinarritu behar direla esan du: biktimen aitorpenean eta biolentziaren deslegitimazioan. Esan du baita ere hori dela bide bakarra euskal gizartean elkarbizitza "sendo eta zintzo bat" ezartzeko.
Gogora Institutua
Eusko Jaurlaritzako Gogora Institutua ere izan du hizpide. Azaldu du hori dela gune bat "modu librean eztabaidatzekoa" eta "adostasunezko puntu batzuetan bat egitekoa", Euskadin elkarbizitza "etiko eta demokratiko" bat izaten laguntzeko.