Haurrendako parkeen diseinu fasean "mimo" handiagoa eskatu du EH Bilduk

Mirari Altube Arrese 2017ko ots. 28a, 15:34
Arrasateko jolas parke bat.

Azken hilabeteotan haur parkeak berritzen dabiltzala onartuta ere "diseinu fasean hobetzeko asko" daudela uste dute Arrasateko EH Bilduko kideek. Aniztasun funtzionala duten umeendako gertatutako parkeen eta naturarekin lotura dutenen gabezia igarri dute, besteak beste.

Parkeak diseinatzeko egin diren parte-hartze prozesuetan, ostera, adituak, jatorri ezberdinetako herritarrak eta sektoreko adituak bota dituzte faltan.

Hona hemen EH Bilduko kideen gogoeta osorik:

"Azken asteotan jolas parke ugari ari da udala berriztu edo sortzen. A priori, hori ez da txarra. Francesco Tonuccirekin San Isidro elkartean, Ziorlan, mahaia eta janaria konpartitzeko aukera izan genuen pribilegiatu apurrok ikasi genuen moduan jolasa oso kontu serioa baita haurrentzat. Ezinbestekoa berain garapen egokirako.

Jolas parkeen arloak, ezein jakintza esparruk bezala, moda ugari bizi izan ditu. Moda berba gutxietsi gabe, askok atzetik izan baitute sustengu teoriko eta pedagogikorik. Le Corbusierren ildoak, XX. Mende industrialean, burdinazko egiturako bultzatu zituen Europa osoko jolas parkeetan. Ostean plastikoaren iraultzak era guztietako txirrista eta egiturak ekarri zituen, Kunst artistaren obrak balira lez kolore artifizialez margotuak.

Gaur egun ere modak izan badira. Tirolina bana egongo da aurki Euskal Herriko herri gehienetan. Joango dira urte gutxian ziurrenik. Zoru akoltxatuak ere badira ugari, nahiz eta susmo orokortua den lesioak ekidin baino sortu egiten dituela.

Gaur egungo joeretan lurra, egurra, moldagarritasuna dira elementu preziatuenetakoak. Ura, harea... kolore naturalak, natur elementuekiko kontaktua osasun iturri lez ulerturik. Erabilera mugatua duten jolas elementuen ordez irudimena bultzatzen duten osagaiak. Lakuntzan edota

Izurtzan bada horrelako adibiderik, urrunera joan gabe. Hanburgon eta Alemania osoan, migratzaile kurdu eta turkiarrek osaturikoak adibide ona dira ere. Aurkituko duzue sarean bila arituz gero adibide onik.

Aniztasun funtzionala ere aintzat hartzeko elementua da jolasean. Gurpildun aulkientzat baliagarria den ziburuak badira Aretxabaletan, gertuko adibide bat ematearren. Haur tipologia beste aukera eman behar baitira jolaserako, inori mugarik jarri gabe.

Zoritxarrez, Arrasaten, ez da natur elementuetan oinarrituriko jolas parkerik. Ez da ezta aniztasun funtzionalerako prestaturiko jolas parkerik. Zaila egiten zait sinistea Udalak, bere baitan duen ezagutzarekin eta herriko hezkuntza komunitate aberatsean diren adituekin hitz eginda hori aintzat ez hartzea.

Ziurrenik, harreman hori egon bada ahula izan da. Beste berba batzuekin esateko, Arrasateko jolas parkeen berritzean zalantza dugu hezkuntza eta gazteriako espezialisten parte hartzea zenbaterakoa izan den. Noski, jakina da herritarren parte hartzeaz diseinatu direla euretako asko. Baina Arrasaten egin diren parte hartze prozesu ezberdinek erakutsi dutenez, parte hartzeak eskatzen du maila ezberdinetako ezagutzen koordinazio eta inplikazioa. Adituak, adin eta jatorri ezberdinetako herritarrak, espezialista sektorialak... zuhaitz bat aukeratu ala azoka bat martxan jarri.

Milaka euro gastatu edo inbertitu, oraindik ez dugu argi terminoa, haur parkeetan azken bi urteotan Arrasaten. Jakin badakigu dirua ez dela zerutik erortzen eta tentuz erabili behar dela. Horregatik etorkizun batean, EH Bilduko zinegotziok errepikatu dugun moduan, diseinu fasean mimo gehiago jarri behar dugu herriak emaitza hobeak izan ditzan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak