Etxe kaleratzeak ekiditeko herriko hainbat banketxetako arduradunekin bildu dira Udal ordezkariak

Mirari Altube Arrese 2017ko ots. 24a, 13:13

Praktika Onen Kodean izena emanda duten hainbat banketxetako sukurtsaletako zuzendariekin elkartu dira Udal ordezkariak eta "hartutako konpromisoak bete ditzaten eskatu" diete horiei. Zoru klausuraren inguruan ere egin dute berba horiekin, banketxeen egoera eta jokabidea ezagutzeko.

Etxearen mailegua ordaindu ezin dutenen egoera arintzeko eta ekiditeko, eta azken osoko bilkuran hartutako konpromisoa betez, herriko hainbat sukurtsaletako zuzendariekin bildu dira Udal ordezkariak: Sabadell, Euskadiko Kutxa, Banco Popular, Caixabank, Kutxabank, BBVA eta Rural Kutxa.

Bilera horretan ezagutu dute sukurtsalen eguneroko jarduna zelakoa den eta 2012an kaleratzeak ekiditeko onartu zen Errege Dekretuak ezarritako Praktika Onen Kodera atxikita dauden sukurtsalak zeintzuk diren. Kode horrek eskaintzen die bost urteko etenaldia izateko aukera mailegua ordaintzeko zailtasunak dituztenei, eta epe horretan bakarrik interesa ordaindu behar dute. Horren helburua da, hain zuzen ordainketari aurre egiteko erraztasunak ematea.

"Konpromisoak betearazi"

Udalak "beregain hartu" du Praktika Onen Kodean jasotako konpromisoak bete ditzaten eskatzeko ardura: "Egungo egoera ekonomiko zein soziala hobetuz doan arren, krisiak kalte handiak eragin ditu eta Udal bezala, guri dagokigu zailtasun horiek bizi dituzten arrasatearrei laguntza eskaini eta haien egoera arintze eta hobetze aldera neurriak hartzea, azken batean, guztiok baitugu etxebizitza duin bat izateko eskubidea", azaldu dute Udal ordezkariek.

Zoru klausularen inguruan ere jardun dute bileran: "Gure helburua da herritarrei haien egoera arindu eta errazteko ahalik eta baliabide eta informazio gehiena ematea", adierazi dute.

Etxegabetzeen aurrean osoko bilkuran onartutako "Udal Protokoloa betetzeko konpromisoa" erakutsi du Udalak, mailegua edo alokairua ordaindu ezin dutenen eta banketxearen artean bitartekari lanak egin eta haien etxe kaleratzea ekiditeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak