Bihar, zapatua, 12:00etan herriko plazan egingo den pregoiarekin eta ondorengo desfilearekin emango zaie hasiera Aratusteei. Arrasateko dultzaineroek irakurriko dute pregoia aurten, eta, bide batez, haiek izango dute ardura taberna, mozorro eta karroza onenen saria erabakitzeko. Iñaki Gurrutxaga Harristi Aratustezaleak parte hartzeko dei egin die herritarrei. "Eguerdiko desfilea oso polita izaten da eta herritarrei parte hartzera eta mozorrotzera animatu nahiko nituzke, denon artean giro ederra osatu dezagun", adierazi du.
Horrez gain, Harristi-k uste du ez daudela behar beste lokal karrozak prestatzeko eta horrek zaildu egiten duela kalean ikustea. "Lokal egokiak edukiz gero, jende asko animatuko litzateke karroza gehiago egitera", nabarmendu du.
Aurten ere, azken urteetan ohiko bilakatzen ari den moduan, ez da herri bazkaririk egongo. "Orain dela lau urte antolatu genuen azkeneko aldiz herri bazkaria. Indartsu hasi ginen kuadrilla batzordean, baina, azkenaldian, lau pertsona bakarrik ibiltzen ginen. 700 pertsona ikusten dituzu bazkaltzen, eta hori guztia antolatzeko jendea behar da. Azken finean, erreta bukatzen duzu", adierazi du Aratustezaleak.
Azkenik, azaldu du Arrasaten Aratusteetan egoten den giroa hobetuz badoa ere, oraindik zerbait falta zaiola. "Aretxabaletan, adibidez, harrigarria da egoten den giroa, bai karroza eta parte-hartzaileei dagokienez, baita ikusten egoten den jende kopuruari dagokionez ere", dio.
Martitzenean, sardinaren hileta
Dagoeneko tradizio bilakatu den beste ekintza bat sardinaren hileta da, martitzenean Aratusteei amaiera emateko egiten dena. SUDC elkartekoek hilabete eta erdi inguru ematen dute egurrez, kartoiz eta GOIENA aldizkariaren ale ugariz osatutako sardina erraldoia prestatzen. Hain zuzen ere, martitzenean, 21:00etan, su emango diote sardina horri.
120 bat kilo ditu aurtengo sardinak. "Kiloei dagokienez, urtetik urtera arinagoak egiten ari garela uste dut", adierazi du Andoni Altzelaik, SUDC elkarteko kideak.
Hiru lagun ibili dira, gehienbat, aurtengo sardina egiten: Mikel Sanzberro, Juan Luis Arkauz eta Altzelai bera. Azken horrek erreleboa ez du hain erraz ikusten: " Ez dut samurra ikusten erreleboa, baina bitartean guk jarraituko dugu, ahal dugun heinean".
Egitaraua osorik
Otsailak 24, egubakoitza
• 18:30 Arrasate Musikaleko ikasleen Inauterietako kontzertua Amaia antzokian.
Otsailak 25, zapatua
• 12:00 Pregoia Biteri plazan eta ondoren desfilea txarangarekin.
• 13:00 Sari banaketa, plazan.
• 18:00 Animazioa, txarangak lagunduta.
• 19:30 eta 22:30 Dantzaldia, Bide Batez taldearen eskutik.
Otsailak 26, domeka
• 19:30 Idiot Txou antzezlana, Ados taldearen eskutik.
Otsailak 28, martitzena
• 17:00 Mozorro desfilea, plazan.
• 17:00 Tomaxen Abenturak pailazoak, Amaia antzokian.
• 17:30 Erraldoi eta kilikien kalejira.
• 19:30 Dantzaldia, Alaiki taldearekin, plazan.
• 21:00 Sardinaren hileta.
• 22:30 Dantzaldia, Alaiki taldearen eskutik.