Urduri eta gogotsu sartu ziren Arrasateko Institutuko Maria Oses, Ane Guridi eta Kimi Lopez de Aretxaga ikasleak Goiena telebistako platora. "Gure herriko musikaren historian, eta baita nazioartekoan ere, eragin handia izan zuen RIP taldeak; eta euren bizipenak gazteen artean zabaltzea beharrezkoa ikusten dugu. Ikonotzat ditugu RIP taldekoak, eta horregatik aukeratu genuen Txerra Bolinaga", kontatu zuten ikasleek.
Gonbidatuak lotsa apur batekin jaso zituen ikasleen aurkezpeneko miresmen hitzak; eta bera ere urduri zegoela aitortuta, galdera zerrendari erantzuteko prestutasuna erakutsi zien.
Drogek markatutako belaunaldia
Orain dela 37 urte jaiotako taldearen hastapenekin ekin zioten solasaldiari. "Aramaioko jaietan erabaki genuen koadrilako lagun batzuk taldea sortzea. Doble Cero izena jarri genion hasieran, eta beste talde batzuen bertsioak egiten genituen. Portuk ekartzen zituen kantuen zirriborroak oinarri hartuta hasi ginen gureak sortzen. Ez genuen uste kantuek gaur egun bizirik iraungo zutenik. Harrigarria da hitz askok zentzua dutela oraindik".
Taldekideen arteko harremanaz galdetuta, lagun onak zirela kontatu zien Bolinagak. "Ez dut ukatuko haserretzen ez ginenik; orokorrean, droga kontuengatik sortzen ziren harreman txarrenak. Heroinaren eragin zuzena bizi izan genuen gure belaunaldikook; ez naiz damutzen egindakoagatik, gerorako asko ikasi dudalako".
Geroago etorritako ospea
"Punkien artean ginen ezagunak, gure itxurek ez zuten bestelako lagunak egiteko askorik laguntzen. Ez genuen musikatik dirurik ateratzen, gasolinaren truke jotzen genuen gehienetan; eta ligatu ere apenas. Ospea geroago heldu zitzaigun".
Gaur egunera etorrita, Gasteizko Piztu Punk taldean jarduten duela kontatu zien. "Ahal dudan bitartean bateria jotzen jarraituko dut eta baita kontzertuetara joaten ere. Asko aldatu da giroa, lehen basatiagoa zen dena. Etorkizunerako asmo zehatzik ez dut, Carpe Diem, da nire leloa, eta are gehiago Jul anaia galdu nuenetik".