'Kaput' antzezlana bihar Amaia antzokian

Eneko Azurmendi 2017ko ots. 3a, 10:28
Gorka Ganso eta Chefo Rodriguez, antzezlanean.

Ganso antzerki talde durangarraren eskutik, orotariko publikoari zuzendutako emanaldia izango da bihar, zapatua, 17:00etan: "Adinez nagusia den batek zein ume batek berdin disfrutatu dezake lan honekin", dio Gorka Gansok, taldeko zuzendariak.

"Bi pertsonaiaren bidaia bat kontatzen du lanak; hobeto esanda, bidaia geldi bat. Agertokiaren erdian gelditzen dira protagonistak, ez aurrera eta ez atzera. Beraz, taula gainean ikusten ditugu haien pozak eta tristurak, dituzten arazoak eta nola konpontzen dituzten arazook, edo nola saiatzen diren, behintzat", dio Gorka Gansok, antzerki taldeko zuzendari eta aktoreak.

Hitzik erabiltzen ez duen antzezlana da Kaput. "Jendeak ikusiko duena da: bi pertsonaia, ezberdinak, eta nor bere ezaugarriekin, telebistan hainbeste ikusten denetik ihesi doazenak. Askotan, gorputza hitza baino bide hobea da esan nahi den hori adierazteko", nabarmendu du Gansok. Hitzik ez erabiltzeak  musikaren garrantzia areagotzen du, zuzendariaren esanetan. "Musika originala daukagu, Burgosko lagun batek egindakoa. Gure ustez, oso musika polita eta ederra da, eta laguntzen du egoera kontatzeko. Soinu efektu mordoa erabiltzen ditugu girotze hori lantzeko eta guk adierazi nahi dugun horri bultzada emateko", azaldu du.

Bi protagonista

Antzezlan horretan bi protagonista dira, Ganso bera eta Chefo Rodriguez. "Aspaldiko laguna dut Chefo, oso ondo moldatzen gara elkarrekin; Babia antzezlanean ere elkarrekin egin genuen lan, eta ondo ezagutzen dugu elkar", dio Gansok.

Zuzendari eta aktoreak azpimarratu du "pailazoak" direla, nahiz eta, agian, jendeak pailazo izateaz daukan irudi horretatik urrun egon. " Ez daukagu sudur gorririk, ezta koloretako jantzirik ere. Baina, azken finean, edozein pailazo bezain ergelak eta inuzenteak gara, eta hori da gure lengoaia.

Umorea ardatz

Antzerki talde horren antzezlan guztien oinarria beti dira umorea eta barrea, Gansoren arabera. "Gure helburua ikusleei barrea eragitea da beti. Gai dramatikoez aritzeko ere umorea eta barrea sekulako bidea dira".

Horrez gain, orotariko publikoari zuzendutako antzezlana da. "Adinez nagusia den batek zein ume batek berdin disfrutatu dezake antzezlan honekin. Barreak hori dauka, bakoitzak barre egiten du edo hunkitu egiten da momentu zehatz batean eta uste dugu guztiendako momentuak daudela antzezlan honetan. Hala ere, uste dugu 5 urtetik gorako umeek hobeto ulertuko dutela", zehaztu du Gansok.
Sarrerak 5 euro balio du, momentuan bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak