Kultura bonuei esker, hamabost euro ordainduta 25 euro gastatzeko aukera dago, hamar euro opari jasota. Bonua erosi eta 25 euro baina gehiago gastatuz gero ikusleak ordaindu beharko du aldea. Orain arte urtarrileko astelehenetan eta martitzenetan egon da aukera Amaia antzokiko leihatilara gerturatu eta bonuak erosteko.
Bada, Kultura Sailak erabaki du aukera hori otsaileko lehen bi asteetara ere zabaltzea. Hau da, otsailaren 6an, 7an, 13an eta 14an aukera egongo da, 18:00etatik 20:00etara, Amaiako leihatilan bonua erosteko.
Lehentasuna, ohiko sarrerek
Hori bai, Kultura Sailak argi utzi gura izan du lehentasuna izango dutela ikuskizun jakin baterako sarrera erostera doazen herritarrek: "Iaz gertatu zitzaigun leihatilako langileak bonuen gaineko azalpenak eman bitartean ilarak sortzen zirela eta ikuskizunera bakarrik zihoazenak justu-justu ibiltzen zirela denboraz heltzeko. Hori saihestu nahi izan dugu aurten".
Iaz baino "askoz hobeto"
Diputazioak iaz abiatu zuen kanpaina; iaz 250 bonu jarri ziren salgai Arrasaten eta 60 bat "bakarrik" saldu zirela jakinarazi du Kultura Sailak. "Ez dakigu zergatik baina iaz ez zuen esperotako harrera izan. Aurten askoz hobeto doa. 350 bonu jarri ditugu salgai eta 200 bat saldu dira. Diputazioak bonuen kanpainarekin jarraitzen duen bitartean guk aukera eskainiko diegu arrasatearrei ekimena aprobetxa dezaten".
Apirilaren 14ra arte iraungo du kanpainak eta ordura arte Amaian eskaintzen diren ikuskizunekin erabili ahalko dira bonuak, Ozenki elkarteak martxoaren 21ean ekarriko duen El elixir de amor opera izan ezik: Kaput antzezlana, Oskara dantza ikuskizuna, Idiot Txou antzezlana, Marikixkur eta hiru hartzak umeendako obra, Kepa Junkera eta Sorginak musika emanaldia eta Jainko Basatia antzezlana.