Ezustean hartu duzu saria?
Bai, iragan astean deitu zidaten Belgraden nengoela hango errefuxiatuen auzia jarraitzen. Hortaz, ezusteko handia izan zen. Gainera, esan zidaten saria zela errefuxiatuen gaiagatik eta emozio handiarekin jaso nuen.
Zure lanari errekonozimendua da, ezta?
Nik uste saritu dutena izan dela jarraikortasuna. Izan ere, azken urte eta erdian jardun dut gai hori lantzen bai Ekialde Hurbilean, bai Europako txoko ezberdinetan eta nik uste azpimarratu gura izan dutela gaia lantzerakoan jarraikortasuna egon izana. Gaur egun erritmo oso frenetikoa dago: albisteak badatoz, badoaz… eta gai baten gainean halako jarraikortasuna egotea baloratu dutelakoan nago.
Zu zara euskaldunen begi eta belarri errefuxiatuen artean…
Horretan saiatzen naiz. Oso zaila da etxean dagoen pertsona batek errealitate hori ulertzea eta guk aukera dugunez hara joateko, gure lana hori denez, ikuslearen, entzulearen edo irakurlearen begiak izaten saiatzen gara zintzotasunik handienarekin gertatzen dabilena kontatuta. Nik uste gaur egun bizi garela emozioen garaian eta beti kontatzen da negarra, barrea, garrasia… Errefuxiatuen kasuan asko ikusi da hori. Emozioen gaindosi antzeko bat dago baina atzean informaziorik egon gabe. Eta guk azpimarratu behar dugu azalkeria horren aurrean informazioa, bestela jendea narkotizatu egiten da emozioekin. Eta atzean ez badago informaziorik ez goaz inora.
Hunkituta agertu izan zara errefuxiatuen artean…
Bai, ez garelako robotak, eta oso zaila da halako egoera batean ez hunkitzea. Ni saiatzen naiz egunean zehar ahal bezain ondoen egiten nire lana; eta gero etxera bueltatzerakoan, gauean, barruko emozio eta sentimendu guztiak kudeatu behar.
Bazoaz bueltan, ezta?
Orain Madrilera, baina bihar arte. Eta gero Italiara. Hortik aurrera jakin ez, gertatzen denaren arabera.