"Jende asko eta berria" Emakume Txokoko ikastaroetarako

Jokin Bereziartua Lizarazu 2017ko urt. 26a, 15:22
Iazko ikasturte amaierako topaketa, ikastaro ezberdinetako partaideekin. Argazkia: Emakume Txokoa.

Emakume Txokoaren eta Jabetze Eskolaren urtarriletik maiatzera arteko ikastaroetan eta tailerretan izena emateko "jende asko eta berria" hurbildu da: "Berrien artean asko gazteak dira eta hori poztekoa da"; bihar, egubakoitza, 15:00ak arte eman daiteke izena (943 79 41 39).

Telefonoa jo eta jo aritu da asteon Emakume Txokoan. Urtarriletik maiatzera bitarteko egitarauaren barruan, ikastaroetako eta tailerretako izen-ematea ireki zen astelehenean eta bihar, egubakoitza, itxiko da –15:00ak arte eman daiteke izena, 943 79 41 39 telefono zenbakira deituta–. "Jende askok deitu du telefonoz eta beste asko hona etorri dira. Interes handia piztu dute ikastaroek eta jende askok eman du izena. Pozik gaude", dio Emakume Txokoko teknikari Esther Lizarraldek.  

Lehentasuna, emakume arrasatearrek

Eskaintza zabala da oso. "Ikastaro batzuk arrakasta handiagoa izaten dute hainbat arrazoirengatik: modan daudelako, behar bat dagoelako... Orduan, dagoen lekua baino jende gehiagok ematen badu izena, zozketa egiten dugu". Taldeak mugatuak dira, modu egokian lan egiteko kopuru mugatuak izatea "ezinbestekoa" dela ulertzen dutelako: "Izen abizen guztiak hartzen ditugu eta saiatzen gara aukera ematen emakume guztiei behintzat ikastaroren baten parte har dezaten". Izan ere, lehentasuna dute Arrasaten erroldatuta dauden emakumeek eta aurretik ikastaro hori egin ez dutenek: "Orain arte pare bat ikastarotan gertatu da hori, eta halako kasuetan zozketa egiten dugu". Alderantziz ere gertatzen da, hau da, ikastaroak aurrera egin ahal izateko nahikoa parte hartzaile ez direla lortzen.

Elkartu, hausnartu eta trebatu

Urtean zehar, urtarriletik maiatzera eta irailetik abendura arteko plangintza izaten dute. 2017ko lehen plangintza honi Asko eta askotarikoak gara, gora feminismoak! leloa jarri diote. Ikastaro bakoitzaren helburu zehatzaz harago, helburu orokorrak dira emakumeak elkarrekin egotea ahalbidetzea, eztabaidatzea, hausnartzea eta trebatzea. Zentzu horretan antolatzen dituzte ikastaroak, Udaleko Berdintasun Sailetik gizarte eraldaketa bat bultzatu gura delako non gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortuko den: "Antolatu ditugun ikastaroen eta tailerren bidez erreparatuko diogu gure errealitateari ikuspegi feminista batetik, saiatuko gara kultura birdefinitzen ikuspegi horretatik, eta eskuratuko ditugu parte hartze sozial eta politikorako tresnak".

"Elkar laguntza eta giro ona"

Era berean, jendarte parekidearen bidean, Jabetze Eskolak "eraldaketarako gune" bat eskaintzen duela diote antolatzaileek: "Espazio bat, oinarri dituena askatasuna, konfiantza, konplizitatea, elkar laguntza eta giro ona".

Jende berria gerturatu da

Azken urteetan ikastaro horienganako interesak gora egin duen kalkulatzea zaila bada ere, Lizarraldek nabarmendu du jende berria ari dela gerturatzen: "Ez dira betikoak bakarrik izena eman dutenak. Orain arte parte hartu ez duen jende askotxo dabil gerturatzen. Jende berri horren barruan gazteak dira asko eta hori poztekoa da". Izen-ematea zabalik dago oraindik eta horregatik ez dute daturik, baina pozik daude Emakume Txokoan oraingoan "kopuru polita" lortuko dutelako.

Plangintza antolatzeko lan metodologia dinamikoa dute Emakume Txokoan, izan ere, aurretik antolatzen diren ikastaroek nolako bilakaera izan duten aztertzen dute, parte hartzaileen balorazioak eta eskaerak aintzat hartuta.

Era berean, Jabetze Eskolan lan ildoak eta lehentasunak markatzen dituzte. "Aurretik badago balorazio lan bat gaur egun martxan dauden ikastaroak antolatzeko. Batzuetan gehiago asmatzen dugu eta beste batzuetan gutxiago", argitu du Esther Lizarraldek. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak