Hondakin bilketaren inguruan "neurri gehigarriak" eskatu dizkio Arrasateko Udalak Mankomunitateari

Josu Bilbao Atxutegi 2017ko urt. 26a, 10:33

“Hainbat edukiontzi beteta egoten dira eta zaborra lurrean edonola botata eta pilatuta geratzen da. Mankomunitateari eskatutako neurriekin, egungo arazoari irtenbidea emateaz gain, herritarrei egokitutako herri atsegina eraikitzen jarraitzea dugu helburu", azaldu du Udalak.

Arrasateko Udalaren oharra:

Azken denboraldian, Arrasate eta arrasatearren errealitate bilakatu da herriko hainbat edukiontzi gainezka eta zaborra lurrean pilatuta ikusi behar izatea, egoera horrek Arrasateri ematen dion zikinkeria eta utzikeria irudiarekin batera.

Honenbestez, hondakin bilketaren inguruan atzeman diren arazoak aintzat hartuta, urtarrilaren 17an ospatu den Mankomunitateko Gobernu Batzordean herriak zein herritarrek pairatzen duten egoeraren berri eman dio Udalak Mankomunitateari. Era berean, baita idatziz ere, egoera horri aurre egin eta arazoa konpontzeko neurriak hartzeko eskaera egin dio. “Hainbat edukiontzi beteta egoten dira eta zaborra lurrean edonola botata eta pilatuta geratzen da”. Debagoienako Mankomunitatea Bergara, Oñati, Aretxabaleta, Eskoriatza, Antzuola, Elgeta, Leintz-Gatzaga eta Arrasateko udalerriek osatzen dute eta zaborra jasotzeko zerbitzua komunean antolatu eta ordaintzen da herri guztien artean. Horregatik, Arrasateko Udalak, herritarren ordezkaritzan, kezka eta ardura Mankomunitateari adierazi eta arazo honi erantzun azkarra ematea eskatu dio.

Ildo horretatik, egungo egoera konpontzeko edukiontzi gehigarriak jartzea eta hondakin bilketaren maiztasuna berraztertzea eta beharrezkoa balitz hori areagotzea eskatu dio Udalak. Modu honetara, edukiontzien gaindosia ekidin nahi du, hondakinak lurrean nola ahala pilatu ez daitezen. “Mankomunitateari eskatutako neurriekin, egungo arazoari irtenbidea emateaz gain, herritarrei egokitutako herri atsegina eraikitzen jarraitzea dugu helburu, horrela, arrasatear guztien bizi kalitatea hobetzeko” gaineratu du Udal Gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak