"Oso pozik gaude", dio Aita Menni ospitaleko elkartasun arduraduna den Egoitz Zabalak. Egunotan dei asko ari da jasotzen Zabala, eta arropa eta material asko ari zaie iristen toki askotatik; Gipuzkoa osotik, eta baita Nafarroatik edota Burgostik ere. Hala, lanez lepo dabiltza orain guztia Greziarantz bidaltzeko prestatzen, baina, aldi berean, ilusionatuta.
"Handik iristen ari diren albisteak ez dira batere onak, oso negatiboak dira. Horregatik, oso eskertuta gaude euren ekarpena egin duten guztiekin, modu horretan erantzun txiki bat eman ahal izango dugulako Euskal Herritik", adierazi du Zabalak. Hain zuzen, neguan errefuxiatuen egoera asko gordintzen delako erabaki zuten kanpaina hau martxan jartzea: "Gure ezagun batzuk Lesboseko uhartean egon dira lanean, eta negua heldu denean, konturatu dira harrapatu dituela milaka eta milaka pertsona ezer barik, telebistako irudietan ikusten den bezala. Kanpin-dendatan lo egiten dute, lurrean...Hemen hotz egiten badu, pentsa han. Dena edurrak zurituta dago, euria egiten du, gaixotasunak izaten dira... Beraz, egoera oso larria zen, eta gurekin kontaktuan jarri ziren laguntza eske."
Zabalak azaldu du Greziatik eskatzen dutena neguko arropak direla, eta batez ere gizonezkoendako arropak: "Horrek badu azalpen bat: neguan kanpalekuetara heltzen diren gehienak gizonezkoak dira, itsasoa okerrago dagoelako, eta gizonezkoak izan ohi dira itsasorantz jotzen dutenak, familiak Sirian utzita".
Arrasatetik Greziara
Astelehenean kaxa horiek ospitaletik ateratzen hasiko dira, Greziarantz bidaltzeko. Lehenengo bidalketa horietan, zapatak eta galtzerdiak bidaliko dituzte, "garrantzitsuenak" horiek direlako.
"Arrasatetik Valentziara doaz zuzenean, eta handik itsasoz iritsiko dira Greziara. Ondoren, materiala kanpaleku desberdinetan banatuko dute". Hala, jasotako guztiak helarazteko hiru Gobernuz Kanpoko Erakunderekin elkarlanean dihardute Aita Mennikoek. Erakunde horiek Lighthouse Relief (Norvegia, Proactiva (Espainia) eta Mo Chara (Irlanda) dira.