Arrasateko alkate Maria Ubarretxenak, Mundukide Fundazioko Josu Urrutia eta Harreman Gobernuz Kanpoko Erakundeko Javier Ruiz de Munain ordezkariek sinatu dute hitzarmena.
Ekonomia eta autonomia
Mozambike iparraldeko garapen sozio-ekonomikoaren programaren helburu nagusia da "Mozambikeko herritarrek errenta sortzeko duten gaitasuna handitzea eta berdintasunean eta jasangarritasunean oinarritutako garapen ekonomikoa sustatuz, bertako bizilagunen autonomia lortzea".
Eta Arrasateko Udalak, berriz, eguerdian sinatutako hitzarmenaren bitartez, programa hori diruz laguntzeaz gainera, lortu gura duena da "Harremanekin eta Mundukiderekin batera, arrasatearrak munduan gertatzen ari diren bidegabekeriez eta egun dauden ezberdintasunez kontzientziatzea", prentsa oharrean zehaztutakoaren arabera.
Aurrekontu garbiaren %0,7a
Hitzarmena sinatzeaz gainera, Arrasateko Udalak konpromisoa plazaratu du garapenerako lankidetzara bideratzen duen aurrekontua handitzeko lege amaierarako, udal aurrekontu garbiaren %0,7a izan arte. "Udal Gobernutik lankidetzaren aldeko apustua egiten dugu eta Mundukide eta Harremanek garatu duten programan eta honen emaitzetan sinesten dugu. Horregatik, bi elkarte horiek egiten duten lana indartu eta bultzatzeko, gure baliabideekin lagundu nahi ditugu", adierazi dute.
15 urteko ibilbidea
Prentsaurrekoan emandako datuen arabera, 15 urte daramatza Mundukidek, Harremanekin batera, iparraldeko Mozambike inguruan lanean eta bertako garapen sozioekonomikorako landutako programak, dagoeneko 55.000 onuradun baino gehiago izan ditu. Horietatik %53 emakumezkoak izan dira. Aipatutako programa horri esker, iaz, nekazaritzari esker lortutako ekoizpenak 4.000.000€ baino gehiagoko diru sarrera izan du. Hau da, programan inbertitutako euro bakoitzak 5€ko irabazia ekarri die bertako baserritar langileei.