Baleikek dio Udal gobernuak "herri apaina" lehenesten duela arrasatearren "benetako beharren" gainetik

Maite Txintxurreta 2016ko abe. 16a, 17:25

Ohar bidez salatu dute gizarte zerbitzu eta enplegu sailaren batuketak aurrekontuen %10a "besterik ez" duela suposatzen, hirigintza sailaren aurrekontua 3,5 milioi eurotakoa denean, eta obren saileko inbertsioa, berriz, 1’6 milioikoa. Euren arabera, "argi gelditzen da norentzako eta zertarako kudeatzen duen udal gobernuak, zeintzuk diren lehentasun politikoak".

Baleiketik diote, "zoritxarrez", arazo gehien dituzten arrasatearrak ez daudela Udal gobernuaren lehentasunen artean: "%14ko langabezia eta gero eta gehiago irauten duen krisi edo boteretsuen iruzur honen aurrean jeltzale eta sozialistak eskutik doaz", diote. Uste dute EAJk eta PSEk osatzen duen taldeak garrantzia handiagoa ematen diela bestelako gauzei: "Kanadarako bidaiak, kongresu eta foroak, hutsik dauden 72 mila eurotako kajoiak, apaingarri eta izotz pistak, miloi eurotako obrak...Herri apaina milaka pertsonaren baldintza ekonomikoak putzura doazen bitartean.".

Lehentasun horien adibidetzat jotzen du Baleikek honako konparaketa: "AES dirulaguntzak udal erraminta handiena dira bizi baldintza urriak dituzten arrasatearrak lagundu ahal izateko. Udal honek 59.000 euro jartzen ditu diru laguntza hauek emateko, 2,68€ arrasatear bakoitzeko. Gabonetako argindarraren eta izotz pistaren kostua 62.000 eurotakoa da, 2,79€ hiritar bakoitzeko".

"Gizabide gutxiko aurrekontu hauen aurrean", Baleikek zenbait emendakin proposatu ditu "gizarte justizia, demokrazia, feminismoa eta ekologia lehentasun politiko bezala izanez arrasatear guztien beharrak asetzeko helburuarekin":

  • "Enplegu plan berri eta ausart bat, langabeziaren arazoa abordatzeko. Langabe gehienak lehen eta bigarren hezkuntza bukatu gabe dutela eta emakumeek genero ezberdintasunaren ondorioz pairatzen duten langabezi extra (%5 gehiago) kontuan izanik; 4 ardatzen inguruan eraiki beharko litzateke: udalaren aldetik denboraldi baterako ematen diren kontratazioak areagotuz; langabeen formakuntza zabalduz eta areagotuz, lehen eta bigarren hezkuntzan zentratuz; langabeak kontratatzeko diru laguntzak zabalduz eta areagotuz; eta Arrasaten lan munduan ematen den genero ezberdintasuna eteteko azterketa eta esku-hartze programa bat martxan jarriz. Indarrean dauden partidak 280 mila eurotan areagotzea eta lan munduko genero ezberdintasuna eteteko plana 30 mila eurotan hornitzea lirateke estimatutako kostuak". 

  • "Parte hartze batzordea eratzea eta 2018rako aurrekontu parte hartzaileak izatea, genero ikuspegia txertatuz, politika publikoen genero eragina hausnartzeko eta ezberdintasunak zuzentzeko. 100.000 eurotko kostua izango luke batzordeak eta 20.000 euro aurrekontuetako genero eragina hausnartzeak".

  • "Zentzuzko birmunizipalizazio progresiborako azterketa. Egun, Arrasateko udalak publikoak diren 28 zerbitzuren kudeaketa pribatizatu ditu (handienak kontuan izanda, txikiak kontatuz kopurua askoz ere handiagoa da), zerbitzu publikoen kalitatea eta langileen baldintzak enpresaburuen zorroetako etekinen logikaren menpe jarriz. Baleike udal taldeak azterketa bat proposatzen du, azpikontratatutako zerbitzuen birmunizipalizazioa jasangarri eta bideragarri eginez.  2017rako 40 mila eurorekin hasi ahalko litzateke zerbitzu nagusien azterketa".
  • Etxezarreta arrasatearren ondasun bilakatzea. Lursail pribilegiatu bat da, balio natural eta historiko handia du eta arrasatear eta inguruko herrikoen aisialdirako potentzial aparta. Parke botaniko bat dauka bere baitan eta turismoa indartu nahi izanez gero ere aukera ugari aurkezten ditu. Momentu paregabea da, bai prezio eta baita aukera aldetik, ondasun natural hau arrasatearrentzat geureganatzeko. 250 mila eurotan jasota dago lursaila erosteko prezioa.
  • "Emendakin hauek dira Baleike udal taldearen apustu nagusiak, baina beste emendakin txikiago ugari ere aurkezten ditugu: AES-en oinarriak zabaldu eta udalaren aldetik ekarpena areagotzea beharrean dauden arrasatearrak laguntzeko; Arrasateko eragile sozialei ematen zaien diru laguntza bikoiztea (25.000€ guztien artean banatzeko ematen dira soilik); hainbat emendakin negatibo aurkeztu ditugun emendakin nagusiak finantzatzeko, eta abar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak