Arrasateko santamasak 2016

Txerri dantzak 25 urte, elkarlanaren adierazle

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko abe. 15a, 15:38
Txerri dantzaren goizeko saioa, artxiboko irudi baten.

Pieza ezagunaren egile Jose Ramon Vitoria eta Jon Iñaki Izarzelaia omenduko ditu Santamas Komisiñoak aurten; Vitoriak lehen aldiz aitortu duenez, down sindromea duen Beñat Barrutiarentzat egindako melodia batetik eratorritakoa da txerri dantzaren musika.

Mende laurdena beteko du aurten txerri dantzak, jai herrikoien eta parte-hartzaileen adierazle garbienetakoak. Izan ere, elkarlanaren adibide garbia da txerri dantza, musikaren egile Jose Ramon Vitoriak gogoratzen duenez: "Komisiñoaren bileretako baten proposatu genuen kultura talde guztien artean zerbait berria sortzea eta gogoan dut erantzuna izan zela hori lortzea zaila izango zela. Baten batek ezinezkoa izango zela ere esan zuen. Gaur egun instrumentuen arteko fusioetara ohituta gaude, adibidez, baina hori ez zen argi ikusten garai hartan".

"Lan kooperatiboa"

Vitoriak erronka hartu zuen bere gain eta egun gutxira musika proposatu zuen. Musika konposatu ostean abesteko eta dantzan egiteko kopla sortu zuen Jon Iñaki Izarzelaiak. Abestia osatu ostean, Lore Gazteak eta Txikitxu-Arrostaitz taldeek ekin zioten dantza berria sortzeari. "Lan kooperatiboa izan zen, elkarlanaren lehen harrietako bat. Izan ere, ordura arte nor bere aldetik zihoan...", gogoratzen du Vitoriak.

Hasiera baten, Santamasetako dantza-kantua zen izenburu ofiziala, baina herriak txerri dantza moduan izendatu zuen. Ordutik hona, urtero egin da, etenik barik: "Ez nuen espero herrian horrela errotuko zenik, oso pozgarria da. Musikak, koplak eta dantzak lotura estua dauka jaiarekin; geratzeko sortu zen, baina hori ez dago norberaren eskuetan. Harro senti gaitezke". Txerri dantza ez zen dantzariendako soilik pentsatu, herri osoarendako baizik. Eguerdian (13:45) saio bat egiten da eta iluntzean (19:30) beste bat; azken hori, larrain dantzarekin batera.

Komisiñoak Vitoria eta Izarzelaia omenduko ditu. "Asko eskertzen da keinua, duela 25 urte nola geunden gogoratzeko eta egun nola gauden ikusteko balioko du. Hala ere, hainbat dira omenaldia merezi dutenak: dantzariak, gaiteroak, trikitilariak, txistulariak, txalapartariak, abesbatzak...". Txerri dantzaren etorkizuna herriaren eskuetan dagoela nabarmendu du musikaren egileak: "Suposatzen dut mantenduko dela, Arrasateko ikurrekin bat egiten du eta".   

Istorio ederra atzean

Txerri dantzaren sorrerak badu orain arte Vitoriak publikoki kontatu ez duen istorio eder bat. "Garai hartan hainbat pieza konposatzen nituen, baina banuen gordeta melodia bat eta hori aprobetxatu nuen kantuaren musika egiteko; melodia hori pertsona berezi batentzat sortu nuen, Beñat Barrutia Roarentzat".

Down sindromearekin jaio zen Beñat; egun, Porrotxin moduan ere ezaguna da, besteak beste. Vitoriak Beñat jaio zenerako sortu zuen melodia: "Hark badaki eta esan izan diogu askotan: 'Hau zure abestia da, Beñat!'. Aurten 25 urte bete direla-eta merezi du benetako jatorria zein izan zen azaltzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak