29. Gipuzkoako Jaialdia ospatuko da gaur, egun osoan, aipatutako hiru tokietan. Euskal Herriko, Murtziako, Kataluniako, Galiziako eta beste erkidego batzuetako (bederatzi, denetara) 300 gaztetxok akordeoi emanaldiak egingo dituzte. Adin askotako bakarlariak, bikoak, ganbara-taldeak eta talde instrumentalak izango dira taula gainean. Jaialdia ez da txapelketa, erakustaldia baizik. Parte-hartzaile guztiek diploma eta sari bana jasoko dute, Amaia antzokian egingo den itxiera-galan.
Kontzertuen agenda hau da: Arizmendi ikastolan, 09:00etan eta 15:30ean; Kulturaten, 09:00etan eta 15:00etan; eta Amaia antzokian, 08:30etik aurrera. Gipuzkoa Jaialdiko sariak Amaia antzokian banatuko dira 20:00etan.
Hauspoz-ek antolatzen ditu hiru sailak, eta, euren esanetan, “Gipuzkoa Jaialdia da akordeoi-ikasleek jendaurrean emanaldiak egiteko eta beste jotzaile batzuk entzuteko modu naturalean duten oinarria”.
Domekan, bi txapelketetako finalak
Bestalde, egubakoitzean jokatu ziren bi sail konpetitiboen kanporaketa faseak: 24. Nazioarteko Txapelketa eta 37. Gipuzkoa Txapelketako Senior kategoria. Aukeratutako lehiakideek bihar, domeka, jokatuko dituzte finalak; Gipuzkoa Txapelketakoak, Kulturaten 09:00etan eta 15:30ean, eta Arizmendi ikastolan, 09:00etan; Nazioarteko Txapelketakoa, Amaia antzokian, 09:00etan eta 15:00etan, eta itxiera gala eta sari banaketa Amaia antzokian, 20:00etan.
Horrez guztiaz gain, ohi bezala, iazko Nazioarteko Txapelketako irabazlea, Janne Valkeajoki finlandiarra, Debagoienean da eta Aretxabaletako kultur etxean kontzertua egingo du gaur, zapatua, 19:30ean.