Aitor Furundarena (Hauspoz elkarteko lehendakaria): "Egin esfortzua gauza berriak probatzeko"

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko abe. 9a, 09:20
Aitor Furundarena, Hauspoz elkarteko lehendakaria.

Nazioarteko 24. Arrasate Hiriaz eta 37. Gipuzkoako akordeoi lehiaketaz gainera, 29. Gipuzkoako Akordeoi jaialdia egingo dute gaur hasi eta domekara bitartean Arrasaten.

Akordeoiaren soinu banda nagusi den asteburua izango da oraingoa. Profesionalak izateko bidean dauden eskarmentudun nazioarteko akordeoilariak eta askotariko musika eskoletako ikasleak batuko ditu aurtengo edizioak ere. Amaia antzokian, Kulturaten eta Arizmendi Ikastolan izango dira emanaldiak.

Zer moduz hasi duzue?
Ilusioarekin, baina errespetu apur batekin ere bai. 400 parte-hartzaile izango dira aurten; horien artean, atzo heldu ziren nazioarteko 28 lagunak. Orain arteko kopuru handiena da; horregatik diot, pozik bai, baina horrenbeste jende kudeatzeak dakarren ardura handiarekin ere bai.

Nazioarteko Arrasate Hiria lehiaketara aurten nondik datoz?
Europako herrialde askotatik  -Italia, Serbia, Kroazia, Polonia, Frantzia, Suedia, Errusia, Finlandia, Eslovenia, Portugal...-, eta baita Txinatik ere. Horietatik sei bat inguru aurrez gurean egondakoak dira.

Lehiaketa horrek zer dauka horren urrutitik etortzeko?
Profesional izateko bidean dauden ikasle guztiek izaten dute lehiaketetan parte hartzeko garai bat, eta, gehienetan, goi mailakoak  aukeratzen dituzte; eta gurea maila horretakoa da. Txapelketa batek duen maila dituen epaimahaikideen arabera neurtzen da, bereziki. Beste edizio batzuetan izandakoak dira aurtengoak, urtetik urtera txandakatzen joaten gara eta: Vojin Vasovic (Serbia) eta Friedrich Lips (Errusia) antzeko eskolakoak dira;  Norvegiako Geir Draugsvoll eta Finlandiako Matti Rantanek ere antzekotasunak dituzte euren artean; eta bosgarrena Musikeneko Iñaki Alberdi euskalduna da. Vasovic irakasle handia da; Lips azkeneko 50 urteetan mundu mailako akordeoiaren erreferentzia handia da; Draugsvollen ibilbidea ere izugarria da; eta zer esanik ez,  Mattin Rantanena. Laburbilduz, bada:  bi erreferentzia historiko, Vasovic eskarmentu handiko irakaslea eta mundu mailan aski ezagunak diren bi kontzertista handi. Era berean, alde gizatiarretik ere oso ezaguna da gure lehiaketa; asko eskertzen dute gertuko tratu beroa.

Zelakoa izaten da parte hartzaile horien eguneko plana?
Arrasateko eta ondoko herrietako hotel eta hostaletan banatzen ditugu. Orokorrean musika topera izaten da beraiek dauden hoteletan; etengabe praktikatzen ari dira.  Atzo egin genuen lehiatzeko ordenaren zozketa, eta jo arte ikasi eta ikasi ibiltzen dira. Lan hori egin eta gero, elkarrekin egon eta elkar ezagutzeko aprobetxatzen dute egonaldia; polita izaten da kideen artean sortzen den harremana.

Harreman horiek Arrasatetik kanpo ere irauten dute?
Lehiakortasun eta presio handia izaten da txapelketan, baina  lagunak ere egiten dira, bai. Gaur egun guk nazioartean ditugun harreman asko parte hartu dugun txapelketetan egindakoak dira. Elkarrekin egiteko proiektuak ere sortzen dira askotan, baina ez dira berehalakoak izaten, urte batzuk pasatuta sortzen dira gehienetan.

Gipuzkoako txapelketaz, Arrasateko lehiaketa zaharrenaz,  zer diozu?
Distira nazioartekoak ematen dio, baina, guretako, ezinbestekoak dira Gipuzkoako txapelketa eta jaialdia kontuan hartuta ikuspuntu pedagogikotik antolatzen dugula guztia. Joera dago  gizarte honetan eliteari begira egoteko, baina ahaztu egiten zaigu elitera ezin dela inor heldu, aurrez oinarrian egon barik. Hogeita hamar parte hartzaile izango dira Gipuzkoako txapelketan eta 332 lagun jaialdian; horien artean, Debagoieneko musika eskoletakoak daude.

Kanpotik begiratuta, baina errespetuz esanda, akordeoiaren soinua gogorra da.
Ulertzen dut diozuna, eta badakit gaur egun  dauden musika ohiturentzat ez dela erraza; uste dut funtzionamenduz gizarte oso atzerakoian bizi garela, eta nik ere gizarteari errespetu osoz diot. Duela 50 urte proba eta esperimentu gehiago egiten ziren. Gauza askotan atzerapausoak egin ditugu; eta aipatzekoa da garai honetan artistikoki musika estilo batzuetatik bizi dugun diktadura. Badakit ez dela erraza, baina denok egin beharko genuke esfortzua gauza berriak ikasi eta probatzeko. Horrelako musika entzutea jatetxe batera joan eta ezagutzen ez ditugun plater berriak probatzea bezala da.

Herritar guztiei egiten diezu gonbidapena, beraz.
Duda barik; akordeoi kontuetan aritua edo aditua izan, edo ez. Akatsa da pentsatzea, estilo bat gustatzeko ulertu egin behar dugula. Ala entzuten dugun musika dena ulertzen dugu?

Matti Rantanen masteclass-a ere aipatzekoa da.  
Luxua da horrelako irakasle bat gurekin izatea; astelehenean eta martitzenean Kulturaten izango da. Parte hartu gura duenak idatz dezala info@hauspoz.org.  helbidera.

Hauspoz elkarteak antolatzen badu ere, hainbat laguntzaile dituzue.
Bai, horixe; Arrasateko Udala, Foru Aldundia, SGAE Fundazioa eta, nola ez, ezinbesteko laguntzailea, SUDC elkartea. Beste behin ere, eskerrik asko guztioi!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak