Euskal preso eta iheslari ohiek Euskal Herri mailan martxan jarri duten ekimena da Kalera Kalera! Bakea eta askatasuna irabaztera, preso eta ihesean jarraitzen dutenei babesa eskaintzeko. Bihar, abenduak 10, Kaleragunea jarriko dute Usurbilen, urtarrilaren 8ra arte; bertan, itxialdia egingo dute preso eta iheslari ohiek, baina ekimenak izango du oihartzuna Debagoienean ere, Arrasaten bereziki.
Itxialdia, ziega eta auto-karabana
Abenduaren 15etik 17ra, itxialdi irekia egingo dute Kulturateko klaustroan. "Euskal preso eta iheslari ohi andana elkartzeaz gain, gure leloarekin bat egiten duen herritar orok ateak zabalik izango ditu itxialdian parte hartzeko", adierazi du Arrasateko preso ohien ordezkaritzak.
Horrez gain, egun horietan ziega bat jarriko dute Seber Altuben, eta preso ohiak ziega horretan egongo dira txandaka. Herritarrek ziega baten egoteak zer dakarren ikus dezatela lortu gura dute horrekin: "Urtea joan urtea etorri egunero 22 ordu ziega baten egotea erraza dela uste duenarentzat, ziega bisitatzera gonbidatzen dugu, begiak irekitzen lagunduko diolako". Era berean, abenduaren 17an, auto-karabana egingo dute Leintz Gatzagatik Arrasatera. Ondoren, Arrasaten manifestazioa egingo dute: "Preso, iheslari eta deportatuak behingoz etxean nahi ditugula aldarrikatuko dugu. Deialdi berezia egiten dugu; ahalik eta manifestazio jendetsuena izateaz gain, kandela bat pizturik duten edalontziez eta Kalera-Kalera! Bakea eta askatasuna irabaztera leloa erakusten osatu gura dugu ibilbidea".
Leloa, abesti ezagunetik hartua
Zergatik duen ekimenak Kalera-Kalera! Bakea eta askatasuna irabaztera izenburua? Honela azaldu dute: "Euskal Herrian aski ezaguna den leloa delako. Frankistek euren buruari amnistia legea onartu ziotenean, amnistia horrek ez zituen kontuan hartzen frankismoaren aurkako borrokan edota Euskal Herriaren eskubideen aldeko borrokan aritutako gizon eta emakumeak. Herritarren mobilizazioak lortu zuen hauek Espainiako kartzeletatik askatzea. Ordukoa da, izan ere, Kalera-Kalera abestia. Zai dago ama, zai aita, zai kide ta lagunak, ator, ator, Euskadira, ator ator etxera. Kalean gaudenoi dagokigu presoak kaleratzeko borrokatzea".
Presoen baldintzak, "txarrera"
ETAk borroka armatuaren erabilera alboratu zuela bost urte baino gehiago bete direnean, ekimenaren deitzaileek nabarmendu dute presoen egoerak "txarrera" egin duela: "Sakabanaketa eta urruntze politikek bere horretan diraute, eta baita isolamendu politikak ere". Uste dute gatazkaren ondorioak gainditzeko "ezinbestekoa" dela presoen eta iheslarien gaia konpontzea. Josu Arkauz arrasatearrak kalean beharko lukeela ere gogoratu dute: "Ezarri zitzaion zigorra taxuz du betea baina oraindik ere bahiturik jarraitzen du Espainiako kartzeletan. Estatuak bere legalitatea errespetatuko balu Josu etxean legoke, baina tamalez badakigu non jarraitzen duen eta zein baldintzetan".
Bestalde, dispertsio politika "ulertezina" dela diote preso ohiek: "EAJko eta PSOEko buruzagi ezagunek publikoki esan dute dispertsioarekin amaitu beharra dagoela. Frantziako presidente izateko hautagai François Fillonek ere publikoki esan du dispertsioarekin amaitzeko prest dagoela. Horregatik, nekez ulertu daiteke presoak etxean nahi ditugunok gure zilborrari begira geratzea. Behingoz etxean nahi ditugulako, lagundu presoak etxera ekartzen".