Konpainia durangarraren antzerki obrak, XIX. mendean Herman Melville idazle estatubatuarrak idatziriko literaturako klasikoa izango du oinarri.
Julio Salvatierrak moldaturiko antzezlana da, eta Juan Carlos Garciaren zuzendaritzapean, Aritza Rodriguez, Jose Cruz Gurrutxaga eta Eriz Alberdi aktoreak arituko dira taula gainean.
Umorea eta fantasia
Antzerkian, umore eta fantasiaren bitartez literatura unibertsaleko istorio honen handitasuna islatzen saiatu dira, aktore, musikari eta txotxongilo ezberdinen bitartez.
Antzezlaneko ekoizlea eta zuzendari artistikoa den Alex Diazen esanetan, ez dute eleberria osorik eszenaratzen, baina itsasoaren, kaxaloteen eta pertsonaien gorabeheretan murgiltzeko aukera ematen diete haurrei, imajinazioa martxan jarriz. "Antzerkian kontatzen denaren bitartez, erakutsi baino gehiago aditzera eman nahi da, imajinazioari bere tartea utziz. Arrazoi horregatik erabaki dugu gutxieneko errekurtsoak erabiltzea", dio Diazek. " Modu horretan, erabiliko diren soinu-elementu ezberdinen bitartez, ikuslea ozeanoaren erdian dagoelaren sentsazioa sortu nahi izango da", gaineratu du.
Melvillen eleberria oinarri
Ismael marinelak Pequod baleontzian bizitzen dituen bizipenak kontatzen dira antzezlanean. Konpainiak maiz hartzen ditu oinarri literaturako klasikoak, istorioei gaurkotasun puntu bat emanez, baina bertan kontatzen dela aldatu gabe.
Haurrei zuzendua
Diazen esanetan, edonork ikusi dezakeen antzezlana da, baina obraren iraupena eta transmititu nahi dena kontuan izanik, sei urtetik gorako haurrei gomendatzen zaie.