Beste behin, abendua heltzeaz bat, euskaltzaleek bat egingo dute Euskararen Eguna ospatzeko.
Aurtengoak badu berezitasun txiki bat, zapatua izateak ikastetxe, euskaltegi eta ludotekek aldez aurretik ospatzea eragin duelako. Ospakizun nagusia 19:30ean izango da Seber Altube plazan. Jose Ramon Vitoriak berriki konposatutako Batzen dantza herrikoia baliatuz, kalejira egingo da herriko kaleetan zehar, berriro Seber Altubera itzultzeko. Behin bertan, kanta aski ezagunak abestuko dira Portaloi taldekoen laguntzarekin eta ostean hasiko da ekitaldi nagusia.
‘Pauso bat aurrera, 1.000 pauso!’
Hori izango da aurtengo ekitaldi nagusiaren izenburua, azken lau astetan martxan izan den Baietz 1.000 erronka bete dela plasmatzeko. “Laburra eta xumea izango, baina, aldi berean, esanahiez betea. Mosaiko osoa ikusiko dugu bertan eta, sokadantzaren bitartez, euskara elkarri emateko prest gaudela irudikatuko. Euskara modu aktibo eta gozoan partekatzeko, eskuz esku eta pausoz pauso, Pauso bat aurrera, mila pauso! direlako” adierazi dute AEDtik.
Adierazpen instituzionala
Martitzenean egindako osoko bilkuran Euskararen Nazioarteko Egunaren adierazpen instituzionala irakurri zuten. Horren harira zera aipatu zuen Maria Ubarretxena alkateak: “Nik uste dut euskarari dagokionez, beste garai batean gaudela, eta horretara egokitzeko diskurtsoa eguneratu behar dugula. Instituzioetako eta udaletxeetako inertziak astintzeko garaia da. Zentzu horretan, Gipuzkoa da gehien hitz egiten den probintzia, eta aldaketa horretako motorra izan behar gara”.