Martxoaren 22ko osoko bilkuran behin-behineko onarpena eman eta uztailaren 12ko osoko bilkuran behin betiko izaeraz onartu ostean, hurrengo eguenean, abenduak 1, jarriko da indarrean kale garbiketa ordenantza. Udal Gobernuaren orain arteko erabakirik polemikoenetakoa izan da, oposizioko alderdi politiko guztiak eta herriko hainbat eragile kontra jarri dituena.
Ordenantzako 17. artikuluak –kartelak, pankartak, pintadak eta muralak arautzen ditu artikulu horrek, besteak beste– hautsak harrotu ditu; kontrakoek, artikulu horrek adierazpen askatasuna urratzen duela uste dute.
Gobernuaren arabera, herri txukunago eta erakargarriago baterako erreminta izango da ordenantza berria.
Zigorren aurretik, "pedagogia"
Zer suposatuko duen ordenantza hori indarrean jartzeak? Honela azaldu du Obrak, Zerbitzuak, Mantenua eta Auzoak batzordeko buru Oscar Garciak: "Pankarta bat jartzen duenak argi izango du noiz jarri eta kendu beharko duen, kartelak dagokien lekuan jarri beharko dira eta ez horma edo luminaria baten... Hori guztia arautu beharra dago".
Arautegia indarrean jarri ostean, edozein isun edo zigor ezarri aurretik "pedagogia" egingo du gobernuak. "Badakigu aldaketa handia dela hainbat herritarrendako, ohitu egin beharko direla. Arazo bat dagoenean arazo hori identifikatu dugu, banaka. Kartel bat lekuz kanpo jarrita badago kartel hori jarri duenarekin jarriko gara harremanetan eta ordenantzaren berri emango diogu. Pedagogia lan horren ostean uste dugu herritarrak konturatuko direla Arrasate hobeto dagoela ordenantzarekin ordenantza barik baino", adierazi du Garciak.
Pintadengatik 55.000 euro
Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, 2015eko ekainetik Udalak 55.000 euro bideratu ditu pintadek eragindako garbitasun gastuetarako. "Ez du inolako zentzurik alde batetik bitartekoak jartzeak, esaterako, giza eskubideen aldeko adierazpenak jartzeko eta, bestetik, Udalari galera ekonomikoa sortuko dien pintadak egitea ordenantzatik kanpo. Izan ere, konbentzituta nago Udalak herriari zor diola hiri garbia, erakargarria eta txukuna izatea", gaineratu du zinegotzi sozialistak.
Garciak ez du uste ordenantzak adierazpen askatasunaren kontra egiten duenik: "Interes politiko argia dago atzetik, gezurra da". Gogora ekarri du Donostian, Gasteizen, Zarautzen, Durangon eta beste zenbait herritan badagoela halako ordenantza bat: "Ez dut uste herri horietan bizi direnek askatasun gutxiago dutenik. Argi dago denok ez dugula berdin pentsatzen eta horregatik, hain justu, arauak jarri behar dira. Askatasunaren kontzeptua ezin daiteke nahi dena, nahi den lekuan eta nahi den moduan esateko eskubide moduan ulertu. Herritar guztiek nahi dutena esan ahal izateko lan egingo dut baina errespetua bermatu beharra dago. Horretarako sortu zen ordenantza, arrasatear guztiei begira. Arazoak sortu ahala aldaketak egin daitezke, noski".
Balorazioa, txosten teknikoek
Ordenantzak jasotzen ditu honako puntu hauek, beste askoren artean: kartelak aurrez eskatu barik jarri ahalko dira hartarako lekuetan, eta leku horietatik kanpo jartzeko baimena beharko da; pankartak jartzeko zein mural artistikoak margotzeko baimena beharko da, eta pintadak egitea debekatuta dago kanpoko edozein lekutan. Adierazpenetako mezuen balorazioa –iraingarriak edo giza eskubideen aurka doazen, esaterako– txosten teknikoen arabera egingo da.