Arizmendiarrietaren gorpuzkiak modu eder batean eta "duintasunez" jarrita daudela esanez hasi du sermoia Donostiako gotzainak. Arizmendiarrietak egindako ekarpena azpimarratu nahi izan du: "Hari eskerrak eman beharrean gaude, jainkoaren eta gure artean egiten duen bitartekaritza lanagatik", azaldu.
Gaur urte liturgikoa hasten dela esan du Donostiako gotzainak, "konpainia berezi" batekin. "On Jose Mariaren gorpuzkiekin hasiko dugu urte liturgikoa. Elizak ez du urtarrilaren 1era arte itxaroten urtea hasteko. Aurreko urte liturgikoan jasotakoa, oraingoan sakondu egin behar dugu".
Bestalde, Arizmendiarrietaren predikuak ere gogorarazi ditu. "Zergatik predikatu zuen horrenbeste aldiz eliza honetan On Jose Mariak Jesukristoren misterioetara urtero egiten den etengabeko itzulera hori? Berau kontenplatzeak ahalbidetzen duelako gure buruan dagoena bihotzera iristea", adierazi du.