Beste era bateko opariak egiteko aukerak Arrasaten

Jokin Bereziartua Lizarazu 2016ko aza. 25a, 08:00
Ezkerrean, Txatxilipurdiren Jostailu Truke Merkatua; eskuinean, Emauseko Idoia Larrañaga enkante solidarioan saltzekoa den Arrasaten egindako ikatzezko plantxa batekin.

Txatxilipurdiren Jostailu Truke Merkatua, Emaus fundazioaren enkante solidarioa, Zuberoako Eperra Ikastolaren aldeko saskiak edota Ibai-Arte elkartearen otarrak Gabonen bueltan urtero antolatzen diren ekimenak dira, beste kontsumo eredu baten oinarritutako erregaluen adierazle. 

Black Friday da gaur, azaroko azken egubakoitza. 1960ko hamarkadan AEBn sortutako fenomenoa da, Gabonetako erosketen hasiera iragartzen duena. Eta AEBn sortutako beste hainbat ohituren antzera, Debagoienera ere heldu da. Arrasaten bertan, Ibai-Arte elkarteko 44 saltokik ospatu zuten iaz Black Friday-a, %15era arteko deskontuekin. Eta aurten ere ospatuko dute, beste modu batera.

Jostailuak trukatuz, berrerabili

Baina ohiko erosketez harago, Arrasaten badago aukera bestelako kontsumo eredu baten oinarritutako opariak egiteko. Txatxilipurdiren Jostailu Truke Merkatua dago, adibidez. "Etxeko armairu eta apalak aztertu eta erabiltzen ez diren jostailuei beste erabilera bat ematera animatu nahi ditugu umeak eta gazteak", diote Txatxilipurdikoek.

Truke azoka abenduaren 17an egingo dute Biteri plazan (11:00-13:00) eta dagoeneko hasita daude jostailuak biltzen; beste sei hitzordu egongo dira, 17:30etik 19:00etara: azaroaren 29an, Okendoko ludotekan; azaroaren 30ean, San Antolin parkean; abenduaren 1ean, Usaetxeko ludotekan; abenduaren 12an, Santa Marinako ludotekan; abenduaren 13an, Okendoko ludotekan eta abenduaren 14an, amaitzeko, Arimazubiko plazan.

Jostailu guztiek balio bera izango dute eta bakoitzeko truke txartel bat jasoko da; ez dira onartuko egoera onean ez dauden, sexu bereizketa egiten duten edota eta indarkeriaren aldeko jarrera erakusten duten jostailuak. Gainera, abenduaren 17ko azokan bertan jostailuak sortu eta horiek trukatzeko aukera ere egongo da. Jostailuak trukatu eta berrerabiltzeko aukera badago, beraz. Argibide gehiagorako: 943 79 54 46.

Emausen enkante solidarioa

Emaus fundazioak Arrasateko Bidekurtzeta kalean duen dendan enkante solidarioa dago asteon. Dendaren ordutegi barruan hartu ahalko da parte enkantean; edozein objektu eskuratzeko txartel bat bete beharko da. Txartel hori sekretua izango da eta bi euroko fidantza ordaindu beharko da objektua eskuratzeko benetako interesa dagoela erakusteko. Askotariko 80 objektu daude enkantean, Ramon Barea historialariak tasatutakoak.

Jostailuak, erlojuak, Arrasaten egindako ikatzezko plantxa bat, koadroak, etxeko tresneria eta beste hainbat bitxikeria aurki daitezke. Jasotako dirua Emausek beste proiektu batzuetarako erabiliko du, baztertze-egoeran daudenei begira. "Gabonetarako opari ezberdin eta bitxi bat egiteko aukera ederra da", dio Emauseko komunikazio zerbitzuko arduradun Idoia Larrañagak. Enkantearen gaineko argibide gehiago: 943 77 18 71.

Saskiak: Eperra eta Ibai-Arte

Gabonetako saskien artean, nabarmentzekoa da Arrasaten arrakasta izan ohi duen Zuberoako Eperra Ikastolaren aldeko ekimena. Ahüzki (40 euro) edo Irati (52 euro) otarren artean aukeratu ahalko da; eskaerak egin ahalko dira abenduaren 12ra arte (nikere@ikaskoli.eu).

Gainera, Ibai-Artek Gabonetako "kalitatezko produktuez" osatutako 100 otzara zozketatuko ditu. Bezeroak fidelizatzea du helburu kanpainak; abenduaren 23ra arte Arrasate Txartelarekin erosketak egiten dituzten bezeroen artean egingo da zozketa. Saskiak abenduaren 23an banatuko dira, Herriko Plazan (13:30).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak