Hilabeteak entseatzen egon ostean, Izaskun Murgia elkarte lirikoak La del Soto del Parral zarzuela antzeztuko du bihar Amaia antzokian.
Martxotik entseatzen
Elkarteko kideek atzo eta astelehenean egin zituzten azken entseguak. Horietan, orkestrarekin batera aritu ziren, eta azkenekoan, jantziekin eta makilaturik entseatu zuten. Tere Gonzalez elkarteko zuzedariaren esanetan, La del Soto del Parral zarzuela “zaila bezain ederra” da, eta arrazoi horregatik, ordu asko sartu behar izan dituzte entseguetan. “Azken entsegu orokorrak urtean zehar egindako esfortzuaren isla dira, izan ere hauek nahiko ongi joan dira. Lehenengo entseguak martxoan hasi genituen, eta irailetik aurrera, orkestrak ere hartu du parte.
Obra konplikatua
La del Soto del Parral, zarzuela arloko obra ezagunetariko bat da, eta 1927an estreinatu zen lehenbiziko aldiz. Istorioa XIX. mende erdialdeko Segovian kokatzen da. Barkalari komikoaren papera egingo duen Mikel Izurrategiren esanetan, zarzueletan ohikoa izaten den amodiozko trama bat kontatuko da, paraleloki, istorioari beste ukitu bat ematen dion ikuspegi komikoa ere landuz.
Guztira zazpi izango dira taula gainera igoko diren bakarlariak. “Beste zarzuela batzuekin alderatuta bakarlari kopurua txikia da, eta ondorioz, buruz ikasi beharreko paperak luzeagoak dira. Hor uste dut egon daitekeela obraren zailtasunetako bat”, azaldu du Izurrategik. “ Nire kasuan, gehiago kezkatzen nau komikotasunak publikoarengan sor dezakeen erreakzioa, izan ere, barregarriegi geratzeko arriskua daukat”, gaineratu du. Soprano nagusia izango den Ruth Osinagarentzat, inoiz egin duen zarzuela zailena da: "Lehen entseguetan, ez nintzen gai partitura jarraitzeko, izan ere, musikalki zarzuela nahiko konplexua da, opera kutsua duena".
Lantalde handia
Abeslariak, musikariak eta kolaboratzaile ezberdinak kontuan hartua, 120 bat pertsonako lantaldea osatzen dute. Osinagaren esanetan, entseguetan giro oso ona egon da. "Azkenean ordu asko sartu ditugu, eta horrek elkarren artean hobeto ezagutzeko balio izan digu". Horrez gain, gazteen presentzia gero eta ugariagoa dela adierazi du.
Sarrerak salgai
Zapatuko ikuskizunaz gain, domekan eta hilaren 25 eta 26an egingo diren saioetarako sarrerak, Amaia antzokiko lehiatilaz gain, Arrasateko udaleko eta Kutxabank-eko webguneetako online lehiatiletan erosi daitezke.
Zozketa solidarioa
Lau emanaldietan, Harreman gobernuz kanpoko erakundeak Rafa Zubiaga eta Fernado Martínez artisten koadro bana eta bi otar zozkatuko ditu. Errifek euro bateko prezioa izango dute.